Depositu berriaren lurrak desjabetu ditu Nafarroako Gobernuak

Esteban AROTZENA 2007ko ekainaren 11

Eraikiko den ur-depositu berriak 180 metro kubiko izanen ditu

Toki Administrazioko Departamentuak lehengo astean hartutako akordioan, presazkoa deklaratu du Goiko Itturriko parajean egin beharreko uraren depositu berriaren lurren okupazioa. Nahitaezko desjabetzen bidez eskuratuko ditu administrazioak lur hauen gaineko eskubideak.

225.000 euroko aurrekontua duten depositu eta kondukzioaren obrak duela lauzpabost hilabete hasi zituen Zabala eta Goikoetxea enpresak, baina ia-ia hasi bezain pronto geldiarazi egin zituzten lanak berez komunalak diren terrenoen «jabeek». Honen aurrean, Udalak Iruñera jo zuen, eta esan bezala, orain jaso du erantzuna.

Herritarren ur premia hartu du arrazoitzat Nafarroako Gobernuak desjabetzea agintzerakoan. Bi deposituetatik bat, 50 m3koa, zeharo hondatua dago, eta bestea, 120 m3koa, ez omen da nahikoa herria hornitzeko. 180 m3koa izanen da orain eraikiko dena. Bi deposituen arteko lotura hidraulikoak eta 120 metro luzerako kondukzioak osatzen dute azkeneko Hiru Urteko Planean onartu den obra hau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun