Unai Onsalo pelotari gazteak oso emaitza onak eskuratzen segitzen du. Tolosako Beotibar pilotalekuan entrenatzen du Onsalok, Aurrera Saiaz kluban. Afizionatu mailan jokatzen du, eta Bizkaia aldean torneo askotan parte hartzen du. Hain zuzen, Sopelako (Bizkaia) Lau t’erdiko Txapelketan, telebistaz ikusi ahal izan genuen Eguskizaren kontra. Adituek esaten dutenez, bere armarik onena kolpea da, eta gainera ausarta da, eta hori bere jokoan nabarmentzen zaio. 22-19ko emaitzarekin txapeldun suertatu zen.
Ondotik beste bi torneotan parte hartu du, binakako txapelketetan, eta azpitxapeldun suertatu da, 22 eta 20 batean, eta bestean 22 eta 17. Orain, berriz, Elgeta txapelketan zortzi onenen artean ari da eta zerbait polita egingo duenaren itxaropena badugu.