Elkartasuna taldea osatzen dugun guztion aldetik, bihotz bihotzez, eskerrik asko haundi bat bidali nahi dizuegu, Maiatzaren 27ko hauteskundeetan gure alde bozka eman zenuten goizuetar guztiei. Alkatetza, lau botorengatik ez genuen lortu, baina herrian bizi diren gehiengo baten babesa dugulakoan gaude.
Emaitzak aztertzen jarri ondoren, igandean herria nola mobilizatu zen ikusteak poza ematen du, eta boto bakoitzak zer nolako indarra duen ikusteak demokraziari on egiten dio. Zenbakietan sartuz gero, 288 goizuetarrek, beste 292 herritarrei mezu garbi bat bidali diete: Goizuetan, abertzale izanda ere, lan egiteko forma ezberdinak badaudela, ingurukoa errespetatuz, ezin ikusiak baztertuz, eta beti ere ezberdin pentsatzen duena ere goizuetar dela onartuz.
Nafarroari begira, Miguel Sanzen agurra izango delakoan gaude, eta haize berriek nondik jotzen duten zain geratzen gara. Goizuetan ez bezala, beste zenbait herritan gertatu den demokrazia falta, publikoki salatu nahi dugu eta, behingoz, guztiok desio dugun bake prozesua lortzeko bidea, martxan jartzeko eskatu goi karguetan dauden alderdi politiko, instituzio eta erakunde guztiei.
Miel Joxe Lekuonak zuzentzen duen EAE-ANVri zorionak emateaz ez gara ahaztu, baina, baita mezu garbi bat ere bidali nahi diogu: herritarren alde lan egiten baduzue, zuen ondoan izango gaituzuela, ilusioz eta gogotsu, hurrengo lau urteetako lanari ekiteko prest. Aldiz, lo kuluxkan jartzen bazarete, edo eta herritar guztiak berdin ez badituzue onartzen, akuilu lana ere eginen dugula ziurtatzen dizuegu.
Azkenik, Goizuetako seme-alaba, gazte, guraso eta aiton-amon guztiei mezu bat: herrian ilusioa eta bizi poza sortu dugula, Goizueta Bizirik dagoela demostratu dugula, eta Udalaren eskuetan bakarrik ezin dela utzi herriaren geroa. Lau urte gogorrak, baina oparoak izango diren esperantza eta desioa luzatzen dugu Elkartasuna taldetik.
Agur bero bat guztiei. Gora Goizueta! eta gora Euskal Herria!
Elkartasuna taldea.