Finaleko proba guzietan nagusitu ondotik, 23 urte azpikoen Urrezko Aizkolarien txapela Jon Rekondo Leitzako gaztearentzat izan zen. Maila nagusian Nazaalek irabazi zuen eta 18 urte azpikoetan Atutxa II.ak.
Hogeita hiru urte azpikoetan Jon Rekondo zen aho anitzetan faboritoa. Maila nagusian onenen pare ibili zen, eta dagokion mailan aurre eginen zionik ez zen ikusten. Ugaitz Mugertzak txapelketa polita egin zuen, baina finalean gailentzeko leitzarrari zerbait gertatu behar zitzaion adar bat tokatu edo min hartu. Azpeitian ez zen horrelakorik izan. Jon Rekondok norgehiagoka hasieratik bukaeraraino kontrolatu zuen proba guziak irabaziz. Berrogeita bost ontzako lehen enborra mozteko 37 kolpe behar izan zituen leitzarrak, eta mutrikuarrak bertze 2. Bigarren proban ere ez zen alde handirik izan, baina azkarrena berriz ere Jon Rekondo izan zen. Berrogeita bost ontzakoa erlojuaren aurka mozteko 51 segundo behar izan zituen, eta Ugaitz Mugertzak 55. Hortik aitzinera aldeak handituz joan ziren. Zutikako enborran Nafarra ederki aritu zen eta 57 segundo baizik ez zituen behar izan 45 ontzakoa erdibitzeko. Bizkaitarrari aldiz gehiago kostatu zitzaion, eta lana minutu eta 25 segundotan bukatu zuen. Iraupeneko proban leitzarrak ez zuen erritmoa lasaitu, eta 54 eta 60 ontzako bina enbor moztean minutu eta 2 segundoko aldea kendu zion. Nafarrak 11 minutu eta 37 segundo behar izan zituen 4 enborren mozteko, eta bizkaitarrak 12 minutu eta 39 segundo. Hasieran Mugertza II.a faboritoaren pare ibili bazen ere, finala aitzinera joan ahala Jon Rekondo nagusituz joan zen, eta aurtengo txapela berea egin zuen lan guziak betez 14 minutu eta 2 segundutan. Txapeldun ordeak bertze minutu eta 36 segundo behar izan zituen.
Hemezortzi urte azpikoetan ere faboritoa nagusitu zen. Atutxak proba guziak irabazi zituen Kañamaresen aurka. Jokatutako probetan ez zuen alde handirik atera, baina nahikoa izan zen txapela janzteko. Lan guzien betetzeko 13 minutu eta 52 segundo behar izan zituen bizkaitarrak, eta nafarrak berriz 14 minutu eta 47 segundo. Maila nagusian ere ez zen ezusterik izan, eta proba guziak bereganatuz txapela Nazabalentzat izan zen. Lan guziak betetzeko 22 minutu eta 47 segundo behar izan zituen eta Olasagatik berzte minuu eta 45 segundo, 24 minutu eta 32 segundo hain zuzen.