Asteburu huntan ere Leitzako Amazabal pilotalekuak Urrezko Aizkolarien Txapelketako goi mailako bi norgehiagoka hartuko ditu, maila nagusiko lehen finalerdia, Larretxea eta Olasagastiren artekoa, eta 23 urte azpiko bigarren finalerdia, Rekondo eta Aitzol Atutxaren artekoa.
Aurtengo Urrezko Aizkolarien Txapelketa bukatzear dago, eta maila ezberdinetan diziplina horren ordezkari hoberenak besterik ez dira gelditzen. Larunbat arratsean, helduen mailako lehen finalerdia jokatuko da Donato Larretxea eta Joxemari Olasagastiren artean. Txapelketaren azken txanpa honetan egin beharreko lanak pixka bat aldatuko dira. Orotara 10 enbor moztu beharko dituzte, 45 ontzako bat kolpeka, bertze bat neurri berekoa erlojuaren aurka, 54eko bat zutik, 72ko bat etzanda, eta iraupenekoan, 45, 54 eta 60 ontzako bina enbor. Arantzako aizkolaria izanen da bien artean faboritoa, baina Olasagastik maila ona erakutsi du txapelketa osoan, beraz Larretxeak kontuz ibili beharko du.
Leitzan jokatuko den bigarren norgehiagoka, Jon Rekondo eta Aitzol Atutxaren artekoa, 23 urte azpiko txapelketaren bigarren finalerdia izanen da. Huntan ere, aitzineko kanporaketei konparatuz lanak zertxobait aldatuko dira orotara 7 enbor moztu beharko dituztelarik. Hasieran ohi bezala bi 45 ontzako moztu beharko dituzte, lehena kolpeka eta bertzea erlojuaren aurka. Ondotik berriz, 36 ontzako zutikako ba,t eta bukatzeko, iraupeneko proban, 4 kana-erdiko. Maila nagusian ibilbide polita egin eta gero, Leitzako aizkolari gaztea izanen da faboritoa larunbatean, baina Atutxa ez dago batere sasoi txarrean, eta nahiz eta gazteago izan aizkolari ona zela argi erakutsi du gazteen mailako finalerako sailkatuz.
Urrezko Aizkolarien Txapelketaren finalak heldu den ekainaren 3an jokatuko dira Azpeitian.