Aurtengo Urrezko Aizkolarien Txapelketa azken txanpan sartua da aste hauetan, eta heldu den igandean gazte eta 23 urte azpiko mailetako finalista bana ezagutuko ditugu. Zeanurin Ander Erasun Aitzol Atutxarekin neurtuko da gazteen mailako finalerako txartela lortzeko, eta Xabier Mindegia Ugaitz Mugertzarekin 23 urte azpiko finalean sartzeko. Helduen mailan, finalerdietan arituko diren lau aizkolarietatik hiru ezagunak dira, Nazabal, Larretxea eta Olasagasti, baina leku bat oraindik hutsik dago. Azken hau hartzeko jokatuko den kanporaketan parte hartzeko Jon Rekondok nahitaez irabazi beharko du heldu den igandean Leitzan jokatuko duen Arria V.aren aurkako norgehiagoka.
Leitzako Amazabal pilotalekuan igande eguerdian jokatuko diren Urrezko Aizkolarien Txapelketako bi norgehiagoketan gure eskualdeko ordezkari bana izanen dugu. Hogeita hiru urte azpiko mailako lehen finalerdian Labaiengo Xabier Mindegia Mugertza II.aren aurka arituko da. Malerrekarra izanen da faboritoa, baina orain arte txapelketak ezuste bat baino gehiago eman ditu. Bigarren norgehiagoka helduen mailako final laurdenetako ligaxkako lehen multzoko hirugarren jardunaldia izanen da, Rekondo eta Arria V.aren artekoa. Nazabalen aurka biek galdu ondotik, nahitaez irabazi behar dute finalerdietan aritzeko txartela emanen duen kanporaketan parte hartu nahi badute. Nazabalen aurka galdu badu ere aizkolari leitzarrak txapelketa ederra egin du, baina Arria V.aren aurka nahiko zaila eginen zaio. Dena den ezinezkoa ez da, eta alde izanen duen publikoarekin kontatzen ahalko du.
Zeanurin jokatuko den saioa arratsaldeko 19:00etatik aitzinera izanen da bertako pilotalekuan. Gazteen mailan, lehen finalerdia jokatu da, Ander Erasun eta Aitzol Atutxaren artekoa. Bizkaitarra izanen da faboritoa, baina azken urte huntan aurtiztarrak ikaragarriko aurrerapenak egin ditu, eta ez litzateke batere harritzekoa igandean ezustea ematen balu. Leitzan bezala, bigarren norgehiagoka helduen mailakoa izanen da, Olasagasti eta Lopezen artekoa, baina ez du deusetarako balio izanen Azurmendi txapelketatik alde eginez gero, Olasagati finalerdietarako sailkatua baitago, eta Lopez berriz, finalerdietarako azken txartela emanen duen kanporaketarako.