Kultur Astearen harira, ekainaren 10ean Esait Eguna eginen da herrian

Joseba URKIOLA 2007ko maiatzaren 11

XXIX. Kultur Astea ekainaren 2tik 10era eginen da

Kultur Taldekoek jada prestatu dute, Kultur Astearen 29. edizioa. Aurtengoan, berrikuntza moduan, kultura giltzarri nagusitzat hartzen den astea ekaineko lehen astean burutuko da. Hasiera, hilaren 2an izango da. Amaiera berriz, ekainaren 10ean.

Honako hauxe, aurtengo egitaraua:

Larunbata, ekainak 2, goizean Mendi Taldekoek antolatuta, haur eta gazteentzako mendi irteera eginen da. Arratsaldean, 20:00ak aldera, «Bertsotranpak» izanen da zineman, besteen artean, Ander Lipus eta Andoni Egaña bertsolariekin.

Igandean, ekainaren 3an, 9:30etik 13:30era Artisau Azoka eginen da plazan, eta arratsaldean, talo-egileak plazan egonen dira urtero bezala.

Biharamunean, astelenarekin, 20:00ak aldera Aurreran Leitzako inauteri zaharren inguruko aurkezpena eta mahai-ingurua eginen dira. Gainera, aste guztian udaletxean honen inguruko argazki zaharren erakusketa ikusgai jartzekoa da.

Asteartean, ekainak 5, 20:00ak inguruan, Mendi Taldeak proiekzio bat eskainiko du. Asteazkenean, ekainak 6, Jose Mari Esparzak hitzaldia eskainiko du. Esparza Txalaparta argitaletxeko editorea da eta iaz, Durangoko Azokarako «Cien razones por las que dejé de ser español» liburua kaleratu zuen.

Ostegunean, ekainaren 7an, ilunabar partean, Peritzan Jon Maiak «Apaizac obeto» espedizioaren ikusentzuteko emanaldia eskainiko du. Maia bertsolariak iaz Ternuara egindako espedizioaren berri emanen du bertan.

Ostiralean, hilak 8, 20:00etan, Nabarralde-ren eskutik 1936ko Gerra Zibilaren eta memoria historikoaren inguruko hitzaldia edo mahai-ingurua eginen da.

Larunbatean, berriz, gazteen txanda izanen da. Gazte Eguna eginen da Atakabeltz Gaztetxekoekin batera. Arratsaldean jokuak izanen dira, eta iluntzean, urtero bezala, afaria Karrapen. Ondotik, kontzertua izanen da gaztetxean.

Azken eguna ekainaren 10a izanen da, igandea, eta Kultur Asteari bukaera emateko, ESAIT Eguna eginen da. Goiz-goizetik hasita hainbat ekintza eta ekitaldi izanen dira haur zein helduentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun