Txinoko festa larunbat honetan izanen da

Esteban AROTZENA 2007ko maiatzaren 2a

Ostiralean, berriz, mus txapelketa jokatuko da

Ehunka lagunen herri bazkaria, herri-kirolak, kontzertuak, bertsolariak… Orain hiru urte gazte talde bat hasi zenean erdi brometan Txino auzoko festa antolatu behar zela esaten, ez zuten asko pentsatuko jai honek egun duen indarra izanen zuenik. Aurtengo edizioa larunbat honetan, hilak 5, ospatuko da, eta programa ederra hornitu dute Gazte Asanbladakoek: 12etan botako da txupinazioa, eta ondotik, buruhaundien eta txistularien kalejira. Gero, koruaren emanalditxoa eta bukatutakoan, herri-kirol jaialdia: ahari-apustuak, trontzalariak eta Aimar Irigoien eta Barrenetxea harrijasotzaileen arteko desafioa.

15:00etan hasiko da herri bazkaria, Silveira, Ministro eta Barandiaran bertsolariekin. Txartelak salgai daude Amaiarenean (948 514242). 18:30ak aldera Zpeizmukaki dantza taldearen emanaldia izanen da, eta ondotik, Esne Beltza, Xabier Solano, Iban Zugarramurdi eta beste euskal talde ezagunetan ibilitako hainbat musikarik osatuko talde berriaren kontzertua hasiko da. Handik aurrerako musika Zigor eta Bela Dj-en esku egonen da. Bezperan, berriz, auzoko Zubiondo tabernak antolatutako mus txapelketa, premio ederrekin.

Unama musika taldea.

Kontrasteak estimatzen omen ditu jendeak, eta Txinoko eromenaren ondotik, emanaldi lasaia antolatu da hilaren 12rako, Lapurdiko Unama taldeak joko baitu Ganbaran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun