Abel Barriola aitzinera arazorik gabe

ttipi-ttapa 2007ko api. 10a, 14:37

Leitzarrak aurkaria menean hartu zuen jokoaren sail guzietan

Abel Barriolak buruz buruko txapelketaren sartzea ez zuen huts egin. Eskuak ongi eutsi zioten, eta arazo handirik ez zuen izan Galarza V.a 22 eta 7 menean hartzeko.

Zarauzko pilotalekuan jokatutako norgehiagoka 36 minutu baizik ez zuen iraun. Sakez 5 tanto besterik ez zituen egin Leitzarrak, baina jokoan jaun eta jabe izan zen, eta tantoen bukatzeko ez zuen zailtasun handirik izan. Markagailuan 8 eta 0 aitzinatu zen partidan ederki sartuz. Hala ere, Enrike Galarzak ez zuen etsi, eta bat bertzearen ondotik 5 tantoren egitea lortu zuen. 8 eta 5 zihoazela, Abelek 8 eta 0ko bigarren partziala egin zuen partida guztiz bereganatuz. Baraibarkoak bertze bi tanto egin zituen, baina azkenean garaipena Leitzarrarentzat izan zen 22 eta 7. Heldu den kanporaketan Xalaren auka arituko da, eta final hamaseigarrenetan baizik ez bada ere, txapelerako bi hautagai nagusien arteko partida izanen dela erran daiteke.

Gainerako partidatan, Agirrek 22 eta 7 irabazi zion Pascuali, eta heldu den kanporaketan Asier Olaizolaren aurka arituko da. Sakea eta Laskurainen ezker ahula ederki aprobetxatuz, Eulatek, final hamaseigarrenetako txartela lortu zuen 22 eta 13. Azken huntan Oinatz Bengoetxea izanen du aurrez aurre. Asteburuko laugarren eta azken kanporaketan, Koka aise nagusitu zen Berasaluze IX aurka. 22 eta 9 irabazi zion eta heldu den kanporaketan Oier Zearraren aurka arituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun