Abel Barriolak bertze urte baterako sinatu du

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 28a

Enpresak 4 urte eskaintzen zizkion, baina baldintza kaxkarrak zirela Leitzako pilotariak urte batera laburtzearen apustua egin du

Aspe enpresak Abel Barriola pilotari leitzarraren kontratua berritu du bertze urte baterako. 4 urte eskaini zizkion baina eskainitako baldintzetan urte bat baizik ez du onartu nahi izan pilotariak. Kontratu zaharra asteartean bukatzen zitzaion. Hortaz, 4 1/2koa bukatu berri zela, bi alderdiak negoziatzen hasi ziren. Joan den urtean izandako eskuko minek ez zieten batere konfiantzarik ematen enpresako arduradunei, pentsatzen baitzuten edozein momentuan, berriz ere agertzen ahal zirela. Hori dela eta, edozein erabaki hartu baino lehen Ander Letamendi medikuari Leitzarraren eskuineko eskuaren azterketa zehatza eskatu zioten. Emaitza ona izan zen, eta ez zela arazo bereizirik ondorioztatu zuen medikuak.

Hori jakinda, Eibarko enpresak 4 urteko kontratua eskaini zion Abeli, baina baldintzak ez zitzaizkion gustatzen, bere ustez anitzez hobeki merezi zuen. Hala ere, urte baterako onartu zuen. Enpresaren web orrian jakinarazi duenez, bizitzako une batzutan ausarta izan behar da, eta oraingoan berari tokatu zaio. Leitzako pilotariak urte bat izanen du enpresariei erakusteko proposatzen zutena baino gehiago balio duela.

Barriolak, Asegarcerekin egin zuen debuta 1998ko otsailean, baina 2003ko urtarrilean Asperekin fitxatu zuen, eta bertan jokatuko du 2008 arte behintzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun