Inaxio Perurenak marka berria ezarri du: 285 kiloko harria. Lehenbiziko ahaleginean ezin izan bazuen ere, bigarrenean bizkar gainera berdintzea lortu zuen leitzar gazteak, joan den otsailaren 17an Euskadiko Sei Orduen barruan. Espero baino arazo gehiago izan zituen, baina Iñaki aitaren gomendioei segituz lortu zuen: «Ez da al-txaldi dotorea izan, baina balekotzat eman dute. Etxean aritzea gauza bat da, baina hemen horrenbeste jenderen aurrean aritzea beste bat», erran zuen gazteak marka ezarritakoan.
2005eko azaroan jaso zuen 280koa Inaxiok eta geroztik esku batetin markak egiten ibilia zen. 280koa jaso zuenean erraz egin zuen altxaldia, eta horregatik «pena pixka batekin» gelditu zela aitortu zuen Inaxiok Euskadiko Sei Orduetan egindako altxandiarekin, bere hitzetan, «ez naizelako ongi aritu».