Kultur Elkarteak indartsu ekin dio berriro bideari

Joseba URKIOLA 2007ko otsailaren 27a

Tarte baten ostean, Leitzako Kultur Taldea aspaldidanik hasitako bideari berriro ere ekiteko prest da. Lehengo maiatzean gauzatu zen Kultur Astearen ondotik, momentu jakin batzuk kenduta, Leitzako Kultur Taldea isilik dagoen txoria bezalaxe zegoen. Bagenekien jakin, kultura eta euskara helburu nagusitzat betidanik eduki dituen elkargoa oraindik ez zela erabat ezabatua, baina herrian berauek antolaturiko gauza oso gutxi egiten zirenez, batzuk okerrena pentsatzen hasiak ziren.

Dena den, urte berrian sartzearekin batera eta talde barnean aldaketa batzuk gauzatu ondotik, kultur taldea martxoan udaberriko loreak bezalaxe, loretze bidean dago.

Aro berri honetako lehen hitzordu garrantzitsuenetakoa, Santa Ageda Bezperako ekitaldian eduki zuen. Bertso Eskolako kideekin batera, berauek arduratu baitziren otsailaren 4ko arratsari behar bezalako giroa jartzeaz. Hurrengo hitzordu garrantzitsua, okerrik ezean, kulturaren alor desberdinak eta euskara oinarri nagusitzat hartu ohi dituen Kultur Astea izango da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun