Sei baserrietako bideak ormigoitu dira 165.000 euroko aurrekontuarekin

Esteban AROTZENA 2007ko otsailaren 22a

Nafarroako Gobernuak emandako epea bete da

Gorgori-Belako bideko 764 metroak, Kapelogorri-Otxolobordako 1.167ak eta Zabala-Arrandiko 228ak ederki aski ormigoituak daude urtearen bukaeraz geroztik. Goizuetako eraikuntzak enpresak egin du 165.000 euroko aurrekontua duen lan hau; 118.000 euro Nafarroako Gobernuak ordainduko du eta gainerakoa, 47.000 euro, Goizuetak berak.

Hau irakurri eta berehala, Sanzen gobernuaren «eskuzabaltasuna» goraipatuko luke batenbatek, baina Udaletxean esan digutenez, eta gure inguruko beste hainbat herritako ordezkarirekin batera, Jon Uitzi zinegotziak prentsaurrekoan salatutakoaren arabera, obra hau Nafarroako Gobernuaren gogoz kontra egin dela esan liteke, ikaragarriak eta logikatik kanpokoak izan baitira Gobernuak paratu, eta Udala, nola edo hala, gaindituz joan den oztopoak.

Abuztuaren 16an, epeak zuzen betez, bidali zuen Herriko Etxeak Toki Administrazioko Departamentura goian aipatutako baserrietako bideak konpontzeko proiektua. Azaroaren 15ean ailegatu zen baiezkoa, baina, lanen adjudikazioa, ejekuzioa eta gastuen justifikazioa egiteko Udalak hilabete bateko epea zeukala esanez. Goizuetak eta beste hainbat herrik gogor salatu zuten hau, eta horren ondorioz edo, abenduaren bukaera arte luzatu zuen epea Iruñak. Kontuak kontu, lehen halako moduan zeuden sei baserrietako bideak ederki daude orain, eta horixe da garrantzitsuena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun