Kirol instalazioen kudeaketa

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Negu minean jakinarazi ditu udalak udan igerilekuan sartzeko izanen diren prezioak. Kiroldegiko bazkideek deskuentoak izanen dituzte. TTIPI TTAPA

Abenduaren 30ean egindako batzar berean, kiroldegiaren, pilotalekuaren eta udan igerilekuaren kudeaketa emateko baldintzak jakitera eman zituen Udalak. Zerbitzu hauek hartzen dituen enpresak gehienez 95.000 euroko dirulaguntza izanen du. Patxi Saenz alkateak jakinarazi zuenez, baldintzak aldatu dira zerbitzua hobetzeko eta udal instalazio hauen kudeaketa erakargarriagoa egiteko.

Gaur egun Hydra enpresak kudeatzen ditu kiroldegia eta pilotalekua, 55.000 euroko dirulaguntzarekin. Baina Udalak beste 10.000 euro jarri behar izan zituen, herriko klub eta kirol elkarteen erabilera ordaintzeko. Gastu hau desagertuko da, baina klubek bazkide kuotaren %30 ordaindu beharko dute. Enpresa honek berak hartu zuen udan igerilekua, 20.000 euroko kontratuarekin. Orain, kiroldegiko bazkideek deskontuak izanen dituzte sarrera eta abonamenduetan. Uda honetarako igerilekuko prezioak ere zehaztu ziren. 5 eta 13 urte arteko haurrek eta 65 urtetik gorakoek uda osoko abonamendua 16 euro ordainduko dute bazkideen kasuan eta 20 euro bazkide ez direnean. 14 eta 17 urteko gazteek, 25 euro bazkideek eta 30 euro bazkide ez direnek. Helduek 48 euro ordainduko dute, 54 euro bazkide ez direnek. Hamar eguneko bonoa 25 eurokoa izanen da bazkideentzat eta 30 eurokoa bazkide ez direnentzat. Eguneko sarrerei dagokienez, bazkideek 3,5 euro ordainduko dute eta bazkide ez direnek 3,80 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun