Udalak herrian lanpostuak sortzeko ordenantza onartu zuen azken batzarrean. Herrian instalatu edo beraien instalazioak handitzen dituzten enpresendako laguntzak arautu dira, beti ere Leitzako langileak eta batez ere emakumeak, baldintza duinetan kontratatzen badituzte. Laguntzak ematerakoan Eraikuntza, Instalazio eta Obretako Zerga hartzen da kontuan. Guttienez 8 lanpostu berri sortzen direnean eta langileen erdiak Leitzakoak direnean %80 lagunduko da. Dirulaguntza %60koa izanen da 6 lanpostu sortu eta langilegoaren %40 Leitzakoa bada. Lau lanpostu sortzen direnean %40 lagunduko da. Laguntza hauei bertze %20 gehitzen ahal zaio, lau lanpostu berri edo gehiago sortu eta horietako %40 edo gehiago emakumeek betetzen baldin badute. Dena den, osotara gehienez %90eko dirulaguntza ematen ahal du Udalak.