Orain dela urte batzuk arte hiruzpalau baserri izaten ziren astelehen-iñote egunean mozorroen taldeari aterik irekitzen ez zietenak. Azkeneko urte hauetan berriz, gero eta gehiago dira karnabaletako protagonista nagusi diren gazteak bere etxe aurrean hartu nahi ez dituztenak. Egoera honek hausnarketa egitera bultzatu ditu mozorroen arduradunak. Baserritarren artean banatuko duten idazkia ere prestatu dute. Beraien helburu bakarra ohitura zaharrari bizirik eustea da. Ez omen diote garrantzirik ematen eskea jasotzeari. Etxekoren bat atarira atera eta taldeak fandango bat dantzatzeko aukera edukitzea omen da nahi duten gauza bakarra.
Baita eskuzabal askiak ere
Dena den, goian esandakoak kezka eta pena sortzen baldin badu ere mozorroengan, orokorrean baserrietan jasotzen duten harrera eta eskuzabaltasun ikaragarria azpimarratu nahi dute. Ohikoa da korneten soinua aditu orduko familia osoa ateratzea. Baita dantza egindakoan sukaldera pasarazi eta gosari ederrarekin batera poltseroari eskupekoa ematea ere.
Egitarauari dagokionez esan, igandean eta astelehenean Mikel Salaberriren esku egonen dela plazako musika. Asteartean berriz, Jalisko Band taldeak joko du. Honetaz gain, betikoari eusten zaio, eta mozorroen ekitaldiez gain, eskolako kaldereroak, konpartsak eta besteen emanaldiak izanen dira egun ezberdinetan. Azpimarragarriena, beti bezala, astearte arratsaldeko zahi-dantza eta ilunabar eta gaueko mozorro festa eta neurririk gabeko parranda.