Osasun Zerbitzua eta euskara

Utzitako argazkiak 2007ko ots. 22a, 14:49

Herri euskalduna dugu Leitza, nagusiki euskaraz bizi dena. Euskaraz bizitzeko ahalegina aspaldikoa da hemen, eta begi-bistakoa da gainera: Leitzako Udala UEMAko partaidea da, eskolan eta institutuan ikasle guztiek euskaraz ikasten dute, bertako komunikabideak (irratia eta aldizkariak) euskaldunak dira, herrian antolatzen diren ekitaldi publiko ia guztiak euskaraz egiten dira…

Eguneroko bizitzan euskara erabiltzen dugu, beraz, eta horretarako eskubide osoa dugu. Zoritxarrez, ahaleginak ahalegin, zenbait tokitan eta momentutan euskara erabiltzeko eskubide hori urratu egiten zaigu. Oraingoan, esaterako, osasun zerbitzuan; izan ere, Leitzako osasun etxean mediku erdalduna dugu, eta, jakina, ezin dugu berarekin euskaraz egin. Ba omen dugu administrazioarekin euskaraz egiteko eta euskaraz atendituak izateko eskubidea, baina praktikan ezin dugu. Eta urraketa hori salatzea da idatzi honen helburua, hain zuzen ere.

Garbi utzi nahi dugu, nolanahi ere, salaketa hau ez dugula osasun zerbitzuko langile batengana zuzentzen. Hizkuntza eskubideak urratzea, kasu honetan bederen, administrazioko eta Osasunbideko arduradunen erantzukizuna da, haiek baitira deialdiak egiten dituztenak eta lanpostuen horniketa antolatu eta erabakitzen dutenak. Lanpostu jakin baten inguruan ari gara, baina ez pertsona jakin baten inguruan.

Arazoa, labur azalduta, honakoa da: Leitzako osasun etxean lanean ari diren medikuetako bat erdalduna da, eta ezin ditu herritarrak euskaraz atenditu. Horrek bi eratako ondorioak dauzka, gutxienez:
1.- Hizkuntza eskubideen urraketa: medikuarekin euskaraz egin nahi duten herritar guztiei eskubide hori zapuztu egiten zaie; nahiz eta legeak berak onartutako eskubidea izan, ezin da praktikan gauzatu.
2.- Komunikazioaren kalitatea eta ziurtasuna: Leitzako herritar gehienen lehen hizkuntza euskara da, eta huraxe da komunikatzeko ziurtasun eta erraztasun handiena ematen diena. Batzuen kasuan (adineko zenbait pertsona eta haurrak) ia hizkuntza bakarra da. Kontuan izanda medikuarekiko harremanetan ahozko komunikazio ona oinarrizkoa dela, medikua erdalduna izateak arazoak sor ditzake: ongi adierazi ezina, deserosotasuna, gaizki ulertuak…

Hainbeste urtez eta hainbeste aldiz osasun zerbitzu euskalduna eskatu ondoren, ulertezina gertatzen da gaur egun, oraindik ere, horrelakoak jasan behar izatea. Ez dugu deus berezirik eskatzen, ez dugu besteak baino gehiago izan nahi. Besterik gabe, erdaldunek duten eskubide berbera nahi dugu: gure medikuarekin gure hizkuntzan hitz egin ahal izatea, eta gure hizkuntzan atendituak izatea.

Gertaera larria iruditzen zaigu, eta larritasun horrekin salatu nahi dugu. Horretaz gain, Osasunbideko arduradunei berehalako konponbide bat aurkitu dezaten eskatzen diegu.

Leitzako Euskara, Batzordea, Denok Bat Guraso Elkartea, Amazabal Guraso, Elkartea, Karrape, Irratia, Euskal Herrian Euskaraz, Kultur Taldea, Aurrera Elkartea, IKA Euskaltegia, Euskara Zerbitzua

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun