Martxoaren 12tik 13ko larunbat gaueko 1:35etan ailegatuko da Korrika-2005 gure herrira antolakuntzaren prebisioak betetzen baldin badira. Egun haundi horren aurretik lan asko egin beharra dagoenez, herriko gazte talde batek hartu du horren ardura. Kultur taldea ere tartean izanen da. Prestatutako lehen ekitaldia, otsailaren 12an, larunbat honetan, 19:00etan Ganbaran eginen den aurkezpena izanen da. Herriko merkatari eta erakunde ezberdinei gonbidapen berezia luzatuko zaie ekitaldi honetarako. Kilometroak saldu ahal izateko eta euskararen aldeko gertakari honen inguruan herria girotzeko, lerro hauek idazterakoan oraindik lotu gabe zeuden hainbat asmo azaldu zizkiguten antolatzaileek. Garrantzitsuena, martxoaren 5ean eginen litzatekeen barrikotea izanen da. Orain dela lau urteko afarian 300 herritar inguru bildu ziren pilota plazan. Hernanitik Goizuetarako mendi martxa ere antolatzaileen agendan dago.
Herritik Goiko Gainera bitarteko 15 kilometroak saltzea da goizuetarren erronka. Aurtengo edizioaren kilometro bakoitzak 320 balioko du, baina bada diru gutxiago erabiliz laguntzeko aukera, Korrika laguntzailearen bonoak edo herrian salgai egonen den materiala erosiz esate baterako. Korrika-2001ean 700 metroko kilometroak egin behar izan zituen antolakuntzak herritarren eskari ikaragarriari erantzun ahal izateko. Ea aurten ere horrelaxe gertatzen den!