Ezkurrako gainetik Donezteberako errepidean ez dakit zenbat milioi gastatzera omen doa Nafarroako Gobernua, eta arrunt ongi iruditzen zaigu. Aranoko Kaxetatik Aranora bitarteko errepidea zabaldu behar omen dute, eta arrunt ongi iruditzen zaigu. Eta Goizuetakoa? Aitortu behar da nahiz Leitzarako errepidea, nahiz Hernanirakoa ez daudela orain hogei urte bezala, baina hobekuntzak oso pixkanaka eta oso mantso doaz. Orain dela laupabost aste metro gutxiren barrenean bi kotxe joan dira errekara Ollin inguruan. Nik ez dakit zeineri esker onik atera ziren istripuak jasandako gazteak. Arrisku handiko hainbeste leku “quitamiedos” edo babesik gabe daude oraindik. Paseatzera ateratzen diren herritarrak, gehienak zaharrak, bizi arrisku dabiltza egunero. Errepidea bera estua izateaz gain, jende gehienak paseorako ibiltzen duen ibilbidean (herritik Sanjuanbururaino) bi kurba arriskutsu daude, baina oraindik hor inor akabatu ez denez, bere horretan segitzen dute. Gure karreteran mugitzen den kotxeen kopurua murritz samarra izanik, autobide eder bat sekulan izanen ez dugula “onartua” daukagula esan dezakegu, baina Nafarroako Gobernuak atentzio handixeagoa eman beharko ligukeela iruditzen zaigu.
Z.Z.