Bi milioi terdi euro eskaseko aurrekontua izanen du Udalak

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Artxibokoa TTIPI TTAPA

UPNk kontrako botua eman zuen, Larrainek ere parte hartu duelako

2.461.856,29 euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu aurten Udalak, otsailaren 3ko ez ohiko batzarrean , Aralar eta EAko zinegotzien aldeko botuekin onartutako aurrekontuaren arabera. Larrain herri plataformak ere parte hartu du aurrekontu horiek prestatzen, baina ez zuen botua emateko aukerarik izan. UPN taldeko kideek, berriz, aurrekontuei ezezkoa eman zieten. Beraiek adierazitakoaren arabera, «aurrekontua egiterakoan ez dugu parte hartu, Larrain hor dagoelako. Horregatik ez ditugu ontzat hartzen aurkeztutako aurrekontu hauek».

Inbertsio nagusiei dagokienez, Erleta eskolaren ondoko parkea moldatzeko 60.000 euro erabiliko dira; haur-eskolan jangela egin eta hornituko dute, 15.040 euroko aurrekontuarekin; babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lurra erosteko 25.000 euro eskas bideratuko dira; Ateka Beltzako moldaketa txikietarako diru saila eta proiektua beraren erredakziorako 15.200 euro erabiliko dituzte; zabor edukiontziak erosteko diru-saila ere ere izanen da. Onartutako aurrekontu honetan, gastuen zatirik handiena, ohiko gastu eta zerbitzuek eramaten dute, gizarte zerbitzuak, euskara mankomunitateetako kuotek, zabor-bilketak, bideen konponketek, udal funtzionamenduaren mantenimenduak eta horrekalo sailek. Horrek, asko baldintzatzen du udala, inbertsio bereziak egiteko garaian. Disu-sarrerei dagokienez, zerga eta tasen bidezko ohiko diru iturriez gain, aprobetxamenduetatik jasotakoak eta erakunde publiko desberdinetatik lortuko dituzten diru laguntzak dira nagusienak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun