Astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan 16:30etatik 19:15etara irekitzen dute Haur Txokoa. Aurreko urteetan bezala, bolondresen esku (Arantxa Leonet gurasoa eta Alaitz Eskudero praktiketako ikaslea) egonen da ardura aurten ere. Dena den, Guraso Elkartea, eskola eta Gizarte Zerbitzua ere buru-belarri sartuta daude egitasmo honetan. Teresa Martinez, Leitzaldeko Gizarte Zerbitzuko Drogomenpekotasunaren prebentziorako programako teknikariak aipatutakoaren arabera, «bakoitzak ikusten du zer premia dituen. Eskolatik, adibidez, ikusten da umeak gero eta arazo gehiago dituztela etxeko lanak taldean egiteko, ez dutelako ohiturarik elkarrekin lan egiteko. Denbora antolatzen erakustea ere komeni da, bestela haurrak kanpoan egoten dira eta etxeko lanak egin gabe edo erdipurdi eginak ekartzen dituzte. Denon artean ari gara proiektuari forma ematen». Bolondresen lanaren beharra aurrera begira ere beharrezkoa izanen den arren, hurrengo ikasturterako hezitzaile bat kontratatu ahal izateko gestioak aurreratu samarrak daudela esan liteke. Nafarroako Gobernuak begi onez ikusten du Goizuetan egiten ari dena, eta orain arte baino dirulaguntza handiagoa lortzea espero da, drogomenpekotasunaren prebentzio programa horretatik batez ere. «Hiru urteotan zerbait erosi behar izan denean programa horretatik hartu da dirua –dio Teresa Martinezek– eta teknikaria astean behin edo, Goizuetan izan da, tailerrak prestatzen… Gure helburua egitasmo honetarako diru gehiago hartzea da. Drogomenpekotasunaren prebentziorako Foru Planaren teknikariarekin hitzegin dugu eta bera ados dago proiektuarekin, baldintza guziak betetzen ditugula iruditzen zaio. Euskara Zerbitzuak ere parte hartu nahi du proiektu honetan eta Udalarekin ere bildu nahi dugu bere partehartzea zehazteko eta proiektuan gero eta gehiago sartzeko. Drogomenpekotasunaren prebentzioa heziketa lan bat dela kontuan hartuz, hori betetzen du Goxali haur txokoak. Haurrak babes faktore batzuekin hezitzen baditugu, bere burua zaintzen, iritzi propioa edukitzen… bere gorputzaren erabilera txarra egiteko arrisku gutxiago dago, hori da gure programaren oinarria».
Goxaliren laugarren ikasturtea
2001-2002 ikasturtean hasi zen Goxali martxan, Andres Narbarte Xalto ikastetxeko gurasoen elkartearen kezkari erantzun nahian. Arrazoia, negu partean haurrak elkartzeko aterpe egokirik ez zegoela. Guraso Elkarteak, eskolarekin batera, liburutegia antolatzearen ekintza beharrezkotzat baloratzen du, herrian ez baitzegoen eta ez baitago horrelako baliabiderik. 2002ko martxoan martxan jarri zen eskolaz kanpoko ordutegian, eskolako jangela irekiz eta guraso eta Irakasle Eskolako praktiketako ikasle batekin. Materiala emana izan da eta drodomenpekotasunaren prebentziorako plan foralaren dirulaguntzarekin abiatu zen.
Hasiera batean irakurketa-leku, liburu-mailegu eta etxerako lanen toki bezala funtzionatu zuen. 2002-03 ikasturtean zerbitzu sozialen eskuhartze handiagoari esker txokoaren prestazioak zabaldu egin ziren, bi egunetan tailer ezberdinak antolatuz.
Goxali hiru urtez egon da martxan, guraso, bolondres eta praktiketako ikasleei esker. Kudeaketa nagusia gurasoen ardurapean egon da, hauek txandakatuz parte hartzen baitzuten hezitzailearekin batera txokoa dinamizatzen. Eskolaren partehartzea ere erabakiorra izan da, lekua utziz eta proiektua bultzatuz eta animatuz.