Ikurriña udaletxeko balkoitik kentzeko agindua gogoz kontra bete du Udalak

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 20a

1976an jarri zen lehen aldiz ikurriña udaletxeko balkoian. 1997an udal batzarrak etengabe jartzea erabaki zuen eta orain «ondorio larriagoak ekidin ahal izateko» kentzea erabaki da. TTIPI TTAPA

Otsailaren 24an kendu zen 1997. urtetik jarria zegoen ikurra

Otsailaren 24an udaletxeko balkoitik ikurrina kendu behar izan zuten, Nafarroako Epaitegi Kontentzioso-Administratibotik Udalera iritsi zen behin-betiko sentzentziari kasu eginez. Patxi Saenz alkateak emandako prentsa-oharrean «erabaki hau gogoz kontrakoa izan arren, ondorio larriagoak ekidin ahal izateko» hartu dela adierazi zuen.

Behin-betiko izakera duen epaian ageri denez, Udalak «Euskadiko Autonomia Erkidegoko ikurra udaletxeko balkoian jarrita edukitzeagatik egiten ari den lege-urratzea uztea» eta «bertan behera utzi den legezko ordena berreskuratzea» agintzen du, horretarako 10 eguneko epea ezarriz. Epai hori Ikurren Legean oinarritzen da eta udaletxean, herrikoa, Nafarroakoa eta Espainiakoa ez diren beste ikurrak jartzea debekatzen du. Lege horren arabera ikurrina «beste komunitate bateko ikurra» omen da eta ezin daiteke jarri udal eraikinetan, ez kanpoan eta ez barrenean.

Behin-betiko azken epai hau ez betetzearen ondorioa, udalaren arduradun politikoak ez-gaitzea izanen omen litzateke eta arrisku hori saihesteko hartu da ikurriña udaletxetik kentzeko erabakia. Herriko talde politikoek gaia aztertzeko egindako bileretan, Aralarrek eta EAk sententzia betez ikurriña kentzearen aldeko jarrera azaldu zuten; Larrain herri plataformak, ikurriña mantentzearen aldekoa. UPNko ordezkaririk ez zen izan bilera horietan.

Leitzako udaletxeko balkoian 1976an jarri zen ikurriña lehen aldiz. Urte batzutan kendu eta jarri ibili ziren, udalak jarri, guardia zibilak kendu, berriz jarri, ezezagunen batzuk desagertarazi... 1997ko batzar batean, Leitzako Udalak ikurriña beti balkoian mantentzeko akordioa hartu zuen. Geroztik, ikurriña Nafarroako eta Leitzako ikurrekin batera egon da balkoian, otsailaren 24a arte. Biharamonean egin zen ohiko udal batzarrera hainbat herritar hurbildu zen ikurriñekin. Ikurriña kentzeko erabakiarekin beraien ezadostasuna agertu zuten eta udal ordezkariekin eztabaida piztu zen. Ikurriña jarri zuten balkoian, baina batzarra bukatu zenean, berriz ere kenduarazi zuten, txistu eta protesta artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun