Idatzi hau otsailaren 25ean egina denez, makina bat hitz egin izan orduz geroztik, baina hala ere, arrazoi desberdinengatik herriko alkateari, Aralar bere taldeari eta EA-ri ustez, “gogoz kontra” ikurriñaren inguruan hartutako erabakiaz “zerbait ” laburra esatea ezinbestekoa iruditzen zait. Egiten duzuenengatik nolakoak zareten ondorioztatu baitaiteke. Horregatik:
• Leitzako herriak, edo beste modu batera esanda; herriaren gehiengo batek, ikurriña nahi du. Ikurriña nahi du, ikurriña borrokaren, biziraupen eta beste arrazoi askoren artean, euskaldunon irudi eta ikur gisa agertu baita azken urteotan. Ikurriña nahi du, etxeko balkoietan, herriko sarreretan edota eskolako karpetetan baina ikurriña nahi du esanguratsu diren tokitan; udaletxea adibiderik hoberena.
• Ikurriña, gure nortasuna, izaera eta euskaldun izateko nahia eta gogoa adierazteko herriak berak hartutako irudia da. Kontuan har, euskalduntasuna aldarrikatzeko aukerak gero eta murritzagoak direla. Guk geuk ez ditzagun bide hauek erraztu.
• Alkateak dio; …gogoz kontra baina,… Nik galdetzen dut; nola entregatu behar duzue ikurriña, tolestuta? edo oihal-irudi historiko moduan gordeko duzue udaletxeko artxiboetan?
• Zuek bat-batean urtetan borroka-gai izan dena eta guztien artean erreferente bihurtu izan dena, ikurriñaren guda deiturikoa, zuek bukatutzat ematen duzue, udaletxeko balkobetik langile bati ken dezan aginduz. Gehiago irauteak ez al du merezi?
• Batzuk ikurriña mundu sinbolikoaren adierazpen bat besterik ez dela esanen dute. Baina sinbologi munduan eta egunerokoetan ere, Euskal herria ez al da gehiegi galtzen ari? Ez al gara gehiegi desagerrarazten ari?
• Eta azkenik esan, aurretik esan bezala, urte askotako borroka izan dela ikurriña Herriko Etxean mantentzea. Azkenik, 1997an udalak ikurriña udaletxeko balkoian mantentzearen aldeko akordioa hartu zuen UPN-ren aurkako botoekin. Orain erabaki hau justifikatzerakoan alkateak dio; …hala ere, kentzearen aldekoak gehiengoa gara, EA eta gu eta UPN ere ados dago. (?)
• Herri honetan behin baino gehiagotan deitu edo joan behar izan dugu epaitegietara ikurriña kaleratzeagatik, “bandera española” ez jartzeagatik, meatsu judiziala, meatsu ezkutua (telefonoa, gutunak,…), Meatsuak sekulan ez dira falta izan. Eta orain, herriari inolako kontsultarik egin gabe, ikurriña behin baino gehiagotan erre duten horien laguntzarik gabe, zuek, erreferente horrekin amaitu nahi izan duzue. Ideologi inperialistari men egin diozue.
• Gehiegi esatea batzuentzat, baina “amorru politikoa” beste askorentzat. Batez ere erabaki hau hartu duten alderdiek kanpainan “desobedientzi zibila” beraien oinarrizko puntuetan jartzen zutela gogoratzean. Are gehiago, gogoratu besterik ez, “ikurriñaren aldeko” legealdi honen hasieran egineko manifestazio batean, besteren artean, Gara egunkariari Patxi Saenz alkateak eginiko erantzunetan zioena; “…udaletxean ikurriñik gabe baino, inabilitatua…”. Eta orain?
Egoera hau, beste garai eta maila ezberdinekoa izan arren, aurreko urtetan hartutako beste batekin alderatzen dut, Nafarroako bereizketa ekarri zuenarekin, alegia. Urte batzuk igaro ondoren damua etor daiteke agian, baina orduan, zer?. Igaro den unea berriz ezin baita berriz harrapatu. Erosotasunaren truk Herria saltzen ari ote garen galdetzen diot ene buruari. Galdetu ez, ziurtatzen dut.
Mikel Illarregi Elberdin
Leitzako Alkate ohia