Harrobiari buruzko herri galdeketa egiteko baimena eman dute

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 14a

2003ko azaroan Convial enpresak berriro ere harrobiaren gaia mahai gainean jarri nahi duela adierazi zuen udaletxean. Honen aurrean, herritar batzuk bildu ziren, herri galdeketa bultzatzeko. TTIPI TTA

Espainiako Ministroen Kontseiluak eman zuen martxoaren 11n

Albiñoko harrobiari buruzko herri galdeketa egitea baimendu zuen martxoaren 11n Espainiako Ministroen Kontseiluak. Horrela, 442 leitzarrek beren sinadurekin sustatu eta joan den urteko abuztuan Udalak egindako baimen eskaerak baiezkoa jaso du eta, tramite batzuk bete ondotik, herri kontsulta eginen da.

2003ko azaroan CONVIAL enpresak berriz ere Albiñon harrobia egiteko eskaera egin zuela jakinda, Herri Kontsultaren Aldeko Talde Sustatzaileak herri kontsultei Foru Legea oinarri hartuta prozedurari hasiera eman zion, sinadura bilketarekin. 2004ko ekainean aurkeztu zituzten Udaletxean. Geroztik Udalak egin zuen eskaeraren tramitazioa, udal batzarrean akordioa hartu eta galdera ere zein izanen zen aukeratu zuten: "Leitzan harrobirik bai ala ez?". Espainiako Ministroen Kontseiluaren erantzunak, lege-tramite guztiak bete direla baieztatu du: «Leitzako Udalaren eskaerak legeak ezartzen dituen baldintza guziak bete ditu: udalbatzaren erabateko gehiengoz egindako eskaera izatea, galdegaia herriaren eskumenekoa izatea eta bertako biztanleentzat garrantzi berezikoa izatea».

Orain, baimen hau Nafarroako presidenteari ailegatuko zaio, Sanzek bost eguneko epean bidali beharko dio Leitzako alkateari eta beste 5 egun baino lehen, alkateari dagokio harrobien inguruko herri kontsultaren deialdia egitea, bozketaren eguna noiz izango den eta informazio kanpainak zenbat iraungo duen jakinaraziz. Bozketa egunari dagokionez, deialdia egin eta 30-45 egunen barrenean, igande edo jaiegun batez egin behar da. Herri Kontsultaren Aldeko Taldeak baikortasunez hartu du Madrileko baimena eta herriko talde politiko guziekin hitz egiteko eta proposamena helarazteko asmoa azaldu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun