«Abesbatza iraunarazteko modu polita da beste lekuetakoak ezagutzea»

Aitor AROTZENA 2007ko ots. 14a, 16:14

Ainhoa VIGUERA Leitzako Asketa Abesbatzako lehendakaria Aitor AROTZENA

1982an, J.J. Aizkorbe apaizak Haur Abesbatza sortu zuenean, han hasi zen kantuan. 1990ean, Juan Bautista Irazokik Asketa Gazte Abesbatza osatu zuenetik gaur egun arte, kantari segitzen du. Azkeneko 8 urteotan Asketa Abesbatzako lehendakaria da.

• Martxoaren 19tik 21era Igualadako (Katalunia) Els Verdums abesbatzako 50 haur ibili dira Leitzan. Martxoaren 31tik apirilaren 3a bitarte, leitzarrak joanen dira Kataluniara.

Lehenbiziko aldia da Asketa Txiki Abesbatza beste herrialdetako abesbatzekin elkartzen dela?

Gisa honetako topaketak behin baino gehiagotan egin ditugu Asketan, baina aurreneko aldia da topaketa honetako partaideak haurrak direla. Orain arte beti horrelakoak gazte abesbatzarekin egin ditugu. Ttikiek hemen inguruko abesbatzekin egin izan dituzte topaketak, korua iraunarazteko modu bakarra delako mugimendu pixka bat ematea eta modu polita da beste lekuetakoak ezagutzea. Bestela ez da aurrera ateratzen.

Zenbat lagun joanen zarete Leitzatik Kataluniara?

Kantatzera 30 bat joanen dira, baina laguntzaileak eta autobusa aprobetxatzeko joanen direnekin 50 izanen dira. Hango abesbatzako kideen etxeetan egonen dira eta hori aberasgarri izanen da. Batzuk beldur pixkat dute, baina lehendik Leitzan egonen direnez, elkar ezagutuko dute eta harremana errazagoa izanen da.

Zenbat jende biltzen duzue Asketa Abesbatzan?

Asketa Txikin 30 inguru biltzen dira eta Asketa Gaztean pixkat gutxiago, 25 inguru. Mutilak zortzi eta beste guztiak neskak.

Non eskaini dituzue emanaldiak?

Gehien bat gazte koruarekin mugitu gara, eta gure errepertorioarekin gehien bat Euskal Herriko herri euskaldunetan ibili gara, hau da, Nafarroako Erribera aldera oso gutxi mugitu gara. Kataluniara hiru bisita egin ditugu, hango koruekin topaketak egiteko. Katalunian oso ongi moldatu gara beti. Poloniako abesbatza batekin ere egin genuen topaketa, beraiek etorri ziren eta gero gu Poloniara joan ginen, eta lehengo urtean Pariseko Euskal Etxean aritu ginen. Pixkat mugituz gero ez da koru ikaragarria behar, lanerako prest dagoen jendea baizik. Gauzak ateratzen dira.

Normalean txikian aritzen direnak koru gaztera pasatzen dira, edo behin adin batera ailegatutakoan abesbatza utzi egiten dute?
Hamalau bat urterekin gazte koruan entsaiatzen hasten dira normalean, laguntzaile modura, kantak ikasten… Hasieran gehientsuenek gustora hartzen dute aldaketa, handiagoak sentitzen dira edo… ez dakit zer. Baina bizpahiru urte pasatzen direnean aldaketa izugarria izaten da. Berez afizioa dutenak gelditzen dira eta bestela desbandada ikaragarria izaten da. Adin kritikoa izaten da, baina iruditzen zait bide horrek, txikitik haundira pasatzeko aukera horrek, iraunarazten duela afizioa. Mutilen kasuan zailagoa da, ahots aldaketarekin asko joan egiten dira. Bi urtez isilik egon behar dute, nolabait esateko, eta gero berriz haiek berreskuratzea oso zaila egiten zaigu.

Zerbait berezia egiten duzue mutil horiek berreskuratzeko edo inoiz kantari aritu ez direnak hasteko?
Hor egon den jendeari burua berotzen saiatzen gara, animatzen diegu, baina oso zaila da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun