Beste batzuen oihartzun mediatikorik ez baldin badute ere, beharbada karnabalen egun ofizialetan ospatzeak «konpetentzia» handitzen duelako, beti izan dira ederrak eta ikusgarriak herriko inoteak. Azken urteotan gainera, areagotu egin da edertasuna, karnabalaren sinbolo garrantzitsuenetako den faktore bat, jendea mozorrotzea, gero eta indar handiagoa hartzen ari baita.
Herritar guziek harrituta utzi zituen iazko Astearte-inotean plazaratutako mozorroen eta karrozen kalitateak eta kantitateak. Horren ondorioz, berehala sortu zen desfle hori beste egunen batera aldatzearen gomenentziari buruzko eztabaida. Gazteek ekin zioten gaiari orain dela hilabete terdi interesatu guztiak bilerara deituz, baita luze eta zabal eztabaidatu ere. Bileretan bota ziren aldaketaren aldeko arrazoi indartsuak: zagi-dantzaren protagonismoa mantentzea, mozorroen taldekoaren denbora falta zagidantzaren ondoren karrozan ateratzeko, astearteaz gain karrozen aitzakian inotetako beste egun bat indartzeko aukera, etabar… Pisuko arrazoiak dudarik gabe, baina ez guztiak komentzitzeko hainakoak. Jende askok karrozak asteartean mantentzearen alde mintzatu zen, eta horren aurrean bere horretan uztea erabaki zuten aldakuntzaren aldekoek ere. Hori bai, zagidantzaren irteera ordu erdi aurreratu da, 16:30era alegia.
Ordutegi aldaketa hauxe da aipagarriena. Gainerakoan ohitura zaharrei eusten zaie eta urterokoa eginen da. Plazako musikari dagokionean esan, igandean Jaionae Olazabal eta Jon Gurrutxagak jokodutela, astelehenean Legoyak eta asteartean TZ taldeak. Inotetako egunik jendetsuena bihurtu den «kontutako egunean», hilaren 24an, Iruñeko Igandea txaranga ibiliko da herrian ilunabarrean eta gauean.