Leitzarrek ezezkoa eman zioten maiatzaren 22an etorkizunean harrobiak egiteko egon daitezkeen proiektuei. Bozkatzeko aukera zuten 2.571 herritarretatik 1.452 inguratu ziren hautesmahaietara, eta horietatik 1.211k ezezko bozka eman zuten, hau da, %83,4k. 202k aukera horren alde bozkatu zuten, 31 boz baliogabeak izan ziren eta 8k zuri bozkatu zuten.
Herri Kontsultaren Aldeko Talde Sustatzaileak emaitzei buruzko balorazio positiboa egin zuen. «Parte-hartze zabala egon da eta oso garbi geratu da herri honek ez duela harrobirik nahi» adierazi zuten, eta alderdiek emaitza errespetatzea espero dutela nabarmendu zuen.
Aipatu beharra dago erreferenduma Herri Kontsultaren Aldeko Talde Sustatzaileak egindako lanari esker egin dela. 2004ko otsailaren 12tik maiatzaren 12a bitartean kontsulta bermatzeko beharrezkoa zen sinadura bilketa egin zuten. Jasotako sinadura guztiak Udalari aurkeztu ondoren, urte bereko irailaren 10eko udal batzarrean erreferenduma aurrera eramatea onartu zuten. Hortik aurrera, Udalak bere gain hartu zituen hurrengo pausoak. Horrela, Madrilgo Gobernuko Ministro Kontseiluaren onarpena jaso zuen, 2005eko apirilaren 7an. Astebete geroago, Nafarroako presidentearen idatzizko baimena jaso zuen Udalak eta alkateak, ebazpen baten bitartez, herri galdeketa egiteko deialdi publikoa egin zuen.
Mahai gainean dagoen Albiñoko harrobiaren kontzesioa 15 urterako da, eta 72.000 m2ko eremua hartuko luke. Proiektuak luzatzeko aukera ere aurreikusten du, Albiñoko ofita erreserbak 360.000 m2ko zabalera hartzen baitu.