20 urte pasa dira Iñaki Perurenak 300 kiloko muga pasa zuenetik

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 1a

Geroztik 34 urte azpiko bertze 2 harri-jasotzaile baizik ez dituzte 200 kiloko harriak jaso

Asteazkenean 20 urte bete ziren Iñaki Perurenak 300 kiloko harria lehen aldiz jaso zuenetik. Marka hori gaindituz, pisu hori jasotzean, Saralegi eta Gibitegi de Golatzekin batera osatzen duten talde ttikian sartu zen. Anoetako belodromoan jokatzen den Euskadiko 6 orduko txirrindularitza proban izan zen, 1987ko urtarrilaren 31an. 10 minutuko denboran 300 kiloko harria bi aldiz jaso zuen, kasik 3 aldiz, baina azken huntan harriaren oreka galdu zuen, hortaz altxatzea txartzat eman zuten. Lehena egiteko 10 segundo besterik ez zituen behar izan. 5. minutua hurbiltzen ari zela, eta publikoaren txaloak lagun zituela, bigarrena lortu zuen.

Egun horretan Leitzakoaren markak, kazetari anitzen arreta deitu zuen. Orduz geroztik pisuagoak diren harriak ere altxatu ditu gaur egungo bere marka 320 kilotan jarriz. Aipatu bezala 300 kiloko harriak jaso dituzten taldean bertze bi daude, Gibitegi de Golatz 300 kiloko marka pertsonalarekin, eta Mikel Saralegi 329 kiloko markarekin. Harri-jasotzaileak berak dioenez “bere garaian jendeak uste zuen ez zela hainbertzekoa” baina oroitaraztea gustatzen zaionez, geroztik 34 urte azpitiko bi lagunek baizik ez dituzte 200 kiloko harriak jaso kontuan hartuz entrenatzeko manera eta baliabideak aldatu direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun