«Udaletxeko balkoian ikurriña bai ala ez» herri galdeketa eginen da igandean

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 23a

Baiezkoa ateratzen bada, «koherentzia politikoz» alkatetza utziko du Aralarrek

Duela hilabete eskas harrobiei buruzko iritzia eman zuten leitzarrek azken aldian hauts asko harrotu dituen beste arazoren baten inguruan iritzia emateko aukera izanen dute igande honetan, ekainaren 19an. “Udaletxeko balkoian ikurriña bai ala ez?” galderari erantzun beharko diote orain, gai honen inguruan sortutako Ikurriñaren Aldeko Herri Taldeak, Larrainek, EAk eta Aralarrek egindako galderari, hain zuzen. Gehiengoak galdera hori egitea erabaki baldin bazuen ere, Aralar ez dago konforme galdera planteatzeko moduarekin. Fermin Barriola zinegotziak aipatu digunez, galdera horren erantzuna Aralarentzat argi eta garbi baiezkoa da. «Baina guk epaitegien agindua jaso dugu, ikurriña balkoitik kendu ezean alkatea inhabilitatuko dutela esanez eta hor dago koxka. Gure ustez, ikurriñaren gaiaren inguruan udalak hartutako erabakia babesten duten edo ez galdetu beharko litzaieke leitzarrei». Aralarko zinegotziak aipatu digunez, «galdera honen erantzuna baiezkoa bada, ikurriña jarriko dugu balkoian, baina guk herriaren nahiaren kontra aritu garela kontsideratuko dugu, eta koherentzia politikoz, alkatetza utziko dugu».

Harrobiaren inguruko herri-galdeketa guziz ofiziala izan zen, Espainiako Kongresuko eta Nafarroako presidentearen babesa izan baitzuen. Oraingo hau ez da horrela izanen, ikurren legearen kontra joan daitekeen galdera proposatzen baita. Larrain taldeko Marian Zestauk aipatu digunez, «lege horren ondorioz eta Aralarrek hartu duen erabakiaren ondorioz deitu da herri-kontsulta. Lehen ere ailegatu dira horrelako aginduak Leitzako udaletxera, baina inork ez dio kasurik egin. Hori orain nolabait hautsi egin da eta horrek bultzatu gaitu herriari galdetzera».

Ekainaren 10etik 17ra kanpaina egiteko aukera dute taldeek. EAk eta Larrainek baiezkoaren aldeko botua eskatu dute eta Aralarren beraien iritzia hautesmahaian nola isladatu aztertzen aritu dira. UPNren ustez, horrelako galdeketa egitea «erridikulua» da. Silvestre Zubiturek aipatu digunez, «berriz berriketa, jendea nazkatzeko eta beroarazteko. Udal honen lema ‘zenbat eta okerrago hobeki’ dela iruditzen zait».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun