Ostiral honetan, ekainak 17, 19:30etatik aurrera Ganbaran eginen den kontzertuak, bukaera emanen dio udal musika eskolaren 04-05 ikasturteari. 50 ikaslek parte hartuko dute bertan, eta ordu terdi inguru iraunen duen emanaldian kitarra, piano, trikitixa, perkusio eta txistuarekin jotako piezak entzuteko aukera izanen du urtero bezala aretoa gainezka beteko duen entzulegoak.
Ikasturte bukaerak aipatzen hasiz gero, herriko eskolako berriak ere eman beharrean aurkitzn gara, hilabete honetan ekintza ugari antolatu baitira arrazoi honekin. Ohiko futbol partidak, bertso saioak eta jokoez gain, ikasleek egindako eskulanen erakusketa arrakastatsua burutu da aurten. Gainera, eta iaz hasitako sokari jarraituz, etxez etxe banatuko den «Kontu-kontari» aldizkaria argitaratu da. Dena den, Xaltoko zenbait ikasleren eskolatik kanpoko ekintzetan parte hartze nahia ez da herriko ekintzetara bakarrik mugatzen. Honen eredu bezala esan, Nafarroako Gobernuak urtero antolatzen duen literatur lehiaketan Maialen Uitzik eta Xumar Bakerok bigarren saria eskuratu dutela, poesia modalitatean batek eta narratiban besteak. Maialen gainera irabazle suertatu berria da eskualdeko bertso-paper lehiaketa eta bigarrena Nafarroakoan. Honetaz gain, Nafarroako eskolarteko bertso txapelketako finalean kantatu zuen, lan txukun askia eginez gainera.