Duela bi urte 22-7 galdu zuen Aimar Olaizolak Patxi Ruizen kontra, buruz buruko bere lehen finalean. Txapelketa bikaina egin zuen goizuetarrak, baina finalaurreko ligaxkan lesio larria izan zuen. Itxuraz, lesio hura gaindituta ekin zion finalari, baina berehala mina somatu eta ez zuen partida hura behar bezala jokatzerik izan. Gainera, uda osoa galdu zuen eta komunikabideek eta hainbat pilotazalek, ez zuela inoiz orduko maila berreskuratuko segurtatzen zuten. Aimarrek, bere aldetik, lau terdiko txapelketa irabazita, lesio hori gainditua zuela eta eskuin besoa erabat sendatua zeukala zioen. Baina oraindik zerbait gehiago behar zuten komunikabide eta pilotazale horiek. Oraindik gehiago, finalaren hasieran, Aimar Irujoren menpe zegoenean. Joan den urteko txapelketaren finalerdiko ligaxkan 22-1 irabazi zuen Iberokoak eta aurtengo finala ere bide beretsutik hasi zen. Irujok bere jokua egiten zuen eta tantuak ongi bukatzen zituen. Aimarrek dominatzeko aukera zuenean, aldiz, ez zuen pilota probexten eta tantua Iberokoaren alde erortzen zen. Baina dena galdua ikusi zuenean, 15-6 galtzen ari zenean, Asier anaiak aulkitik bota zion errieta barneratu, bere dohainak kantxa gainean jarri eta buelta eman zion markagailuari goizuetarrak. Horregatik, buruz buruko txapela jantzita «aho asko itxiarazi ditudala» zioen Olaizola II.ak. «Duela bi urte suerte txarra izan nuen besoko lesioarekin eta jendeari erakutsi nahi nion lehengo Aimar bera nintzela. Uste dut orain lortu dudala. Edozein pilotarirentzako pozik handiena mano-manoko txapela irabaztea da. Denek amets egiten dugu berekin eta azkenean lortu dut». Horregatik txapelak ere eskaintza berezia izan zuen, urte hauetan partiduz partidu bere ondoan izan diren eta finala irabazi bezain abudo Aimar zanpatu zuten «Imanol, Ernesto, Joxe, Joseba eta Aitorrentzat».
Mtnez de Irujo: «Aimarrek min egin dit sakearekin»
Martinez de Irujo, noski, ez zegoen kontent eskuz banakako finala galduta. Duela bi urte pilotari profesional gisara debutatu zuenetik ez zuen partida bakar bat ere galdu buruz buru. Patxi Ruiz bikain baten kontrako finalerdian, 15-20 galtzen zihoala irabazi zuen partida ikusita, garaitezina zela zirudien Iberokoak.
Finala ere, kasik irabazia ikusi zuen eta galdu ondotik bere buruarekin «amorratua» baldin bazegoen ere, kiroltasunez onartu zuen Aimarren garaipena: «Ez dut uste nik galdu dudanik finala. Aimarrek gehiago arriskatu du bigarren zatian, dena atera zaio eta niri deus ere ez. Berak ongi jokatu du eta gainera, sakearekin asmatu egin du, min egin dit». Oraindik gaztea dela eta final asko jokatzea espero duela adierazi zuen Irujok: «Nahi nuke urtero buruz buruko finala galduko banuke! Horrek esan nahiko luke onenen artean nagoela. Aurtengoa gustoen aritu naizen finala izan da».