Natur Bideen Europako Eguna dela aprobetxatuz, Plazaolatik barna mendi txirrindulaz martxa antolatu du hirugarren urtez Plazaolako Partzuergoak. Ibilbide ezberdinak egiteko aukera izanen da. Nagusia, Andoaindik Lekunberrira izanen da. Nahiko ibilbide luzea da, 40 kilometrokoa, baina erraza. Andoaingo Goiko Plazatik abiatuko da 9:00etan eta Plazaola trenbide zaharretik Lekunberriraino joanen da.
Leitza eta Lekunberri artean 15 kilometroko familia martxa egiteko aukera ere izanen da. Irteeran umeentzako animazioa izanen da. 11:00etan abiatuko dira Leitzako geltokitik eta egokitu gabe dagoen zati bakarra gurutzatzeko bi aukera izanen dira: egun horretarako argiztatu eta egokituko den Uitziko tunela gurutzatzea edo bidexka bat hartzea.
Lekunberrin bertan, Lekunberri-Mugiro-Lekunberri 8 urte bitarteko haurrendako martxa eginen da 12:00etan. Izen emateak egun berean egiten ahal dira. Halere, kontuan hartu behar da egun horretan Lekunberritik Andoainera garraio zerbitzuak izanen direla, 8:00etan eta 14:00etan, eskaera egin eta irailaren 12 baino lehen izena eman duten guztientzat.