Erregeen etorrerarekin Gabonei amaiera

Joseba URKIOLA 2007ko urtarrilaren 17a

Joseba URKIOLA

Olentzero etortzearekin batera aurtengo Gabon jaiei hasiera eman bazitzaien, Ekialde Hurbileko Errege Magoak izan dira ia bi aste iraun dituzten egun bereziei amaiera emateaz arduratu direnak. Hilaren 5ean jende ugari bildu zen Leitzako kaleetan Hiru Erregeen etorrera ikusteko. Urtero bezela Leitza herrian sartu eta lehen geldialdia, errotonda alboan Gabon jai guztietan ezarrita egoten den jaiotza berezian egin zuten. Bertan Asketa abesbatza lagun, Jesus hartxoari muin eman eta Jose eta Maria gazteei zorionik beroenak eskaini zizkieten. Ongi etorri honen ondotik, eguneko protagonistak beren laguntzaile arduratsuak lagun, herriko plazara joan ziren. Hemen Erregeek herriko eta inguruko herrietako haurrak soinean hartu eta berauen nahi zein desio guztiak entzuten egondu ziren. Bukatzeko eta Ekialde Hurbilerako bidaia txartela hartu aurretik, etxez-etxe bakoitzari zegokion opari eta sorpresak uzten ibili ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun