Leitzako alkateak, Udalak herritarrentzako hilero plazaratzen dituen bando moduko batean oharrarazi duenaren arabera, igerilekuko aparkalekuari ez zaio behar bezalako funtzionaltasunik ematen eta eguneko lanak bukatu ondoren, hutsik gelditzen dela nabarmendu du.
Txanponaren beste aldean, Patxi Arrazolak bizi duen egoera egongo litzateke. Bertan egunero-egunero auto mordoa pilatzen dira eta eguneko une askotan, edozein modutan eta gaizki utzitako kotxe asko ikus daitezke.
Hau horrela, Udalak argi utzi nahi izan du Patxi Arrazola auzoan gerta daitezkeen kotxeen arteko ezbeharrez ez dela arduratuko. Dena den honelako gauzak gerta ez daitezen eta aipatutako auzoak berak deskongestio apur bat izan dezan, herrian eskuragarri dauden aparkalekuak erabiltzeko gomendatzen da. Adibiderik egokiena, igerilekuetan dagoen aparkalekua litzateke.