«Minbiziak» jota omen daude herriko insignis pinu gehienak

Esteban AROTZENA 2007ko urtarrilaren 17a

Utzitako argazkiak

Iruñeak ez dio oraindik irtenbiderik eman arazo larri honi

OTZENA Tekniko askoren aurreikuspenak betetzen baldin badira, Goizuetako ekonomiarentzat oinarri-oinarrikoa den insignis pinua urte gutxiren barrenean desagertu eginen da gure mendietatik. Fusarium Circinatum onddoak kutsatuta omen daude hemengo pinudi gehienak Nafarroako Gobernuko Mendi Departamentuak egindako azterketan arabera. Insignisen minbizia bezala ere ezagutzen den gaitzak ihartu egiten ditu arbolak eta sendaezina da oraingoz. Goizuetan ez ezik, inguruko herrietan ere zabaldu da onddoa, baina badirudi gurea izan litekeena kaltetuena.

Kantabria, Bizkaia edo Gipuzkoan gai honi ekin baldin badiote ere, Nafarroako Gobernuak ez du oraindik inolako erabakirik hartu, publikoki behintzat, gaitz honek sortutako kalteei aurre egiteko. Udaletxean esan zigutenez, iazko ekainean deitu zituen Burgete kontseilariak hainbat herrietako udal ordezkariak honetaz mintzatzeko, baina geroztik ez omen dute deusen berririk jaso.

Madrilgo berriak

Dena den, garrantzitsua izan litekeen berria jaso genuen kronika hau inprentara bidaltzera gindoazenean: Madrilgo Nekazaritza Ministerioak egin omen du dagoeneko Fusarium-ari buruzko diagnostikoa, eta Nafarroa osoan Goizueta eta Aranoko pinudiak bakarrik omen daude gaitzak jota. Dirudienez, kaltetuei laguntzeko neurrietako bat ondorengo birlandaketa %100ean subentzionatzea da. Txostenak ez omen du deus esaten ihartutako pinuen truke jaso beharreko laguntzataz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun