Leitzaldeko Gazteen topaketa egin zen hirugarrenez abenduaren 16an

Joseba URKIOLA 2007ko urtarrilaren 4a

«Herri bat, Gaztetxe bat» izenburupean bildu ziren

Abenduaren 16a Leitzan egun handi eta gogoangarri horietako bat ospatu zen. Protagonistak Leitza, Areso eta Goizuetako gazteak izan ziren. Elkarlanerako bidea xede eta “Herri bat Gaztetxe bat” lemapean, Gazte Topaketak egin ziren hirugarren urtez.

Aurreko urtean Goizuetan bildu ondoren, aurten antolaketa Atekabeltz gaztetxeko leitzarren esku egon zen. Eguerdi partetik aurrera, goizaldeko ordu txikiak arte ekitaldiz betetako eguna izan zen. Hasierako ekitaldia 11etan burutu zuten. Ondoren joko eta algara batzuk tarteko, Bertso bazkariaren txanda iritsi zen. Bertsolariak Miguel Mari Elosegi eta Aitzol Barandiaran ataundarra izan ziren eta gai-jartzaile lanetan berriz, Unai Elizasuk jardun zuen.

Bazkari eta bazkalondo melodikoaren segidan, bestelako joku batzuk eta manifa animatuaren txanda iritsi zen. Hauek bukatuta eta gazteak jada Gaztetxetik nahikoa urrun zeudela jakinda, trikitixak eskuartean hartu eta trikipoteoaren tarteari eman zioten benetako garrantzia. Eguna borobiltzeko, gauerdian: Txapel, Zartada eta Los Ratones Kolorados taldeek kontzertua eskaini zuten gaztetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun