Elutseder industrialdea handitzeko lanak, hastear

Utzitako argazkiak 2006ko abenduaren 28a

Utzitako argazkiak

Udalak hiru lursail emango dizkio obra egingo duen enpresari, ordainetan

Elutseder industrialdea handitzeko lanak berehala hasiko dituzte. Hori dela eta, dagoeneko obretako lehenengo txabola jarri dute. Obrek 14 hilabeteetako iraupena izanen dute, eta Construcciones Sukia Eraikuntzak S.A. enpresa aukeratu du Udalak horretarako. Industrialdearen handitze hau eta gero, Elutseder inguruko paisaia dezente aldatuko da, mendi tontor bat zelai bihurtu behar baitute. 14 hilabete barru tontorra dagoen lekuan, 5 industri-lursail egongo dira.

Sociedad Urbanística Municipal Areso S.A. delakoari egokitu zitzaion obra hau aurrera eramateko proiektua. Aresoko Udalak %100ean enpresa honetan parte hartzen du, bertako kapital publikoa da, beraz. Sozietate honek 2006. urtean ondorengo hiru gauza hauek onartu zituen: Elutseder industrialdearen plan orokorra,urbanizatza-proiektua eta birpartzelatze-proiektua.

Obrak aurrera eramateko aurrekontua hasiera batean 1.259.666.764 pezeta ingurukoa zen (7.588.354 euro), BEZ-arik gabe. Haatik, esleipena eta gero diru kantitate hau jaistea lortu du Udalak, 1083.258.232 pezeta arte (6.525.652 euro).

Esleipen lehiaketara hiru enpresa aurkeztu ziren, eta lehen esan bezala, Construcciones SUKIA Eraikuntzak S.A. delako enpresa gipuzkoarrak aurkeztu zuen Udalarentzat proposamen interesgarriena, berak irabazi zuelarik.

Ordaintzeko modu berria

Proiektu honek badu berrikuntzarik, izan ere, obra egingo duen enpresari ez diote diruarekin ordainduko, industrialdeko lurrekin baizik. Hala, Sukia enpresak, obra egitearen ordainez 3 lursail jasoko ditu. Udalak, ohiko bidea jarratu ordez, hau da, enpresa kontratatu eta obraren kostua diruz ordaindu ordez, nahiago izan du lurren bitartez ordaindu. Honen arabera, partzela guztiak ez dira Udalarenak izanen eta beraz, denak Udalarenak izango liratekeen kasuan hauek salduta aterako lukeen diru kopurua ez da hain altua izanen, baina aukeratutako bide honekin arriskurik ere ez dago. Alfonso Araujo Aresoko eta Sozietate Urbanistikoko sekretarioak azaldu duen bezala, «erabaki honen helburua herriarentzat ahalik eta arrisku gutxien pairatzea izan da, izan ere, enpresari dirutza ordaindu ondoren, eta lursail guztiak Udalak mantendu arren, hauek saltzea lortuko ez bagenu?».

Honetaz gain, abuztuan lurra lehiaketa publikora atera ondoren, Gipuzkoako enpresa bati lehenengo lur-saila saldu zitzaion, P1A delakoa. Honen bitartez SENA S.A.k 11,895 m- ko partzela eskuratu zuen, 1.575.000 euroren truke. Hiru partzela Sukia enpresak jasoko ditu, eta gelditzen diren beste biak Udalarentzat izanen dira, eta ziurrenik, «zatika» salduko ditu. Sei lursail hauek helburu industrialak izanen dituzte, baina industrialguneetan ohikoa den bezala, beste lursail bat zerbitzuetarako erabiliko dute: denda, taberna, jatetxe... bezala (PD1).

Proiektu hau aurrera eramateko dirulaguntzei dagokienez, orokorrean 93.000.000 pezetatakoa izango da jasoko duten kopurua. Kopuru hauetatik guztietatik haratago joanez gero, idazkariak azaldu duen bezala, proiektuaren kostua kontutan hartzen badugu (50.000.000 pezeta), Udalak 500.000.000 pezeta inguruko irabaziak izanen ditu. Honetaz gain, Aresoko idazkariak argi utzi nahi izan duen bezala, «ez dugu proiektuaren helburu bikoitza ahaztu behar: batetik ekonomikoa, eta bestetik soziala, bertako jendeari lana eskaintzea baita helburu nagusienetarikoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun