Ongi etorri beroa Igor Astibiari

Joseba URKIOLA 2006ko abenduaren 5a

TTIPI TTAPA

Badira egun batzuk Igor Astibiak Navalcarnerotik Leitzaldera etorri zela. Azaroaren 8an herritarrek ongi etorria egin zioten eta une gogoangarriak bizitzeko aukera izan zen. Hilaren 18an beste ongi etorria egin zioten. Herriko plazatik abiatu zen manifestaldian 350 bat pertsonek parte hartu zuten. Gero, plazan une hunkigarriak bizitu ziren. Txalaparta doinuak izan ziren entzungai. Ondoren Leitzako Bertso Eskolako Miguel Mari Elosegi eta Unai Elizasu bertsolariek bertso bana abestu zuten. Ainara Gastearenak mezu bat irakurri zuen eta bukatzeko, herriko txistulariak lagun Aurrera Dantza Taldekoek Sarrera eta Aurreskua dantzak dantzatu zituzten. Tartean, Igor Astibiak berak ere hitz batzuk plazaratu zituen eta oroigarri batzuk jasotzeko parada eduki zuen. Aurkezpen lanetan, Arantxa Iparragirre Karrape Irratiko esataria ibili zen. Behin plazako une hunkigarriak amaituta, triki-poteoaren eta Amazabal Pilotalekuan burutu zen afari jendetsuaren txanda iritsi zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun