Herritarren kantuak eta kontuak artxibategi berezi batean gordeko dira

Joseba URKIOLA 2006ko abenduaren 5a

Euskokultur Fundazioak Nafarroako ahozko ondarea biltzeko asmoa du

Euskokultur Fundazioak herritarren kontu, kantu, istorio, aitortza… bezalako gauzak artxibatu egingo ditu. Elkargo honen helburua Nafarroako Ahozko Ondarearen Artxibategia sortzea da. Ondare aberats honek gure herria duela 50, 70, 90 urte nolakoa zen erakutsi nahi digu. Horretarako Fundaziokoek Nafarroa osoko eta Behe Nafarroako herrietara joateko asmoa daukate.

Proiektu berritzaile hau gure herrian behar bezala aurrera atera ahal izateko, Udalaren eta herritarren laguntza beharrezkoak izango dira. Herritarrek artxibategia hornitu eta osatu ahal izateko elkarrizketetan parte hartu beharko baitute. Udalak bestelako laguntza eskaini ahal izango du.

Oraindik proiektua lehen pausoak ematen ari bada ere, bere garrantzia handia izan daitekeela azpimarratu behar da. Euskokultur Fundaziokoek leitzarrei egingo dizkieten elkarrizketa horiek betirako gordetzeko aukera egongo baita. Jendearen testigantza hauek, gainera, Fundazioak sortuko duen web orrialde batean gordeko dira. Horrela herrian biltzen diren hitz eta esanak, mundu osoan eskuragarri egonen dira. Elkarrizketa horiekin baita: Herriko ahozko ondarea biltzen duen DVDa, ikastetxeetarako material didaktikoa… bezalako gauza interesgarriak sortzeko aukera ere egon daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun