Udaletxeko berriak

Esteban AROTZENA 2006ko abenduaren 5a

Nafarroako Gobernua ez da eskuzabala izan aurten baserritako bideak galipotatzeko udalak egindako eskaerari erantzutean. 22.000 euroko laguntza jasoko da Iruñetik eginkizun horretarako, eta udalbatzak erabaki duenez, orain dela bi urte Aitasemegiko pistan konpondu gabe gelditu zen puska zolaberrituko da aurten.

Beste aldetik, berandu samar baina, Iruñetik etorri berri den subentzioa saneamenduko lan osagarriena izan da. Obra horien 80.000 euroko kostua udalak ordaindu zuen oso-osorik bere garaian, eta oraintxe ailegatu da herrira orduan hitzartutako 89.000 euroko laguntza.

Herriko Etxeko gaiekin bukatzeko, aurreko ale batean informatu genuen bezala, irailaren 13ko batzarrean kanposantuko eta suhiltzaileen lokal berriaren bigarren zatiko obren aurrekontua eguneratzea erabaki zuen Udalak, ez baitzen eskaintzarik aurkeztu bi lan hauetarako. Aurrekontu berria interesgarriagoa iruditu zaie enpresei eta dagoeneko udalak esleitu ditu bi obrak: kanposantua (47.104 euro) Mikel Urdanpilletaren Urdanportuk eginen du; eta suhiltzaileen lokala (81.766 euro) Zabala eta Goikoetxeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun