San Martin festak berreskuratu dituzte aurten herriko gazteek

Kontxi KLABER 2006ko abenduaren 5a

Utzitako argazkiak

Mikel Ruizek diapositiba erakusketa bikaina izan zen

Kontxi KLABER Gure aiton-amonei eta gurasoei entzun diegu garai batean herriko festak San Martinetan ospatzen zirela, herriko patroia denez, eta ez Santioagoetan guk ezagutu ditugun bezala. Azaroan, neguaren atarietan gehienetan ez zen goxotasun handirik izanen eta horregatik aldatu ziren. Noizbait izan dute egun honekin afariren bat bertsolariekin, baina jarraipenik ez du izan. Aurten festa hori berreskuratzea pentsatu dute herriko gazteek eta horrelaxe programazio ederra prestatu zuten azaroaren 11rako. Arratsaldean kontzejuko ganbaran Mikel Ruizek ateratako ia 300 diapositibaren erakusketa bikaina eskaini zuen bere iloba Joxeanek eta piano soinuarekin ederki lotuta Arantxa Ansak. Bertan herriko etxe eta jendea ikusten zen, orain dela urte asko ateratako argazkietan. Ondotik, Ansa ahizpek kontzertu ederra eskaini zuten eta jendeak kantatzeko aukera izan zuen, azkenik ilunabarrean elkarteko arkupean nahi adina talo eta gaztaina erre zituzten. Honi denari lagun egiteko bi sagardo kupel izan ziren. Gazteek iazko Olentzerotan etxez-etxe bildutako diruarekin eta bertan jarritako borondatearekin ordaindu dute erositako guztia, honexegatik antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiote herritar guztiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun