«Koadrilen arteko harremana asko hobetu da Gaztetxeko lanari esker»

Aitor AROTZENA 2006ko azaroaren 30a

Ibai ZUBIRI Goizuetako Gaztetxeko dinamizatzailea Utzitako argazkiak

• «15 urtez herriari bizia emanez» izenburupean hamabosgarren urteurreneko ospakizunetan dabiltza Goizuetako Gaztetxean.

• Urte osoan hilabetero ekitaldiren bat antolatu badute ere, azaroaren lehen larunbatean egin zuten ospakizunik handiena. Gaztetxean lanean aritu diren guzien argazkia, bazkaria, kontzertua eta beste hainbat kontu izan zituzten.

• Ibai Zubiri da Goizuetako Gaztetxeko dinamizatzailea.

Nola sortu zen Goizuetako Gazte Asanblada eta Gaztetxea?

Bi erakunde dira, baina beti nahasian ibili gara eta berdina da. Orain dela 15 urte garai hartako gazteek biltzeko beharra ikusten zuten, rock kontzertuak antolatzeko… Lokala eskatu zioten udalari eta udaletxe azpian lokala eman zioten. Gero, berritze lanak egin behar zituztela eta, garai bateko zinea, Tifanitxo, utzi zieten. Zulo handi bat zegoen eta berritze lanak egin behar ziren. Gazteek, obran udalak gastatu behar zuen dirua Gaztetxearentzat eman eta beraiek moldatuko zutela proposatu zuten. Beheko aldean taberna, lehenbiziko pisuan egoteko lokala eta bigarrenean ganbara dago.

Zer eman dio Gaztetxeak Goizuetako gazteei eta orohar herriari?

Gauza asko. Garai batean kontzertu fuerte batzuk antolatu ziren; gaur egun saiatzen gara gazteentzat eta gazte ez direnentzat gauzak antolatzen, umeentzat, helduentzat… Herriko koadrila guziak gaztetxetik pasatzen dira eta elkarren harteko harremana ere asko hobetu da.

Zein aldaketa nagusi izan dituzue Gaztetxean 15 urte hauetan?

Hasieran aritu zirenak, batez ere gaztetxea moldatzen aritu ziren. Gero, beste kuadrila bat sartu zen eta duela sei bat urte gure belaunaldikoak. Gazte pila bat pasatzen da eta antolatzeko formula magikorik oraindik ez dugu harrapatu… Beti izaten dira lau-bost lagun gehien mugitzen direnak eta besteek laguntzen dute. Koadrila ezberdinak pasatu dira eta, era ezberdinekin, nola edo hala aurrera atera gara. 15 eta 23 urte arteko 40-50 gazte inguru ari gara orain.

15. urteurrena ospatzen ari zarete urte osoan…

Hilabetero-hilabetero ekintzaren bat egin dugu, baina fuerteena azaro hasierakoa izan zen: goizean saiatu ginen Gazte Asanbladatik pasatutako guziak biltzen eta argazkia ateratzen, gero bazkaria egin genuen eta bazkal ondoren Gaztetxearen 15 urteen inguruko bideo emanaldia egin zen, argazkiekin, elkarrizketekin… Arratsaldean jolasak, triki-poteoa eta gauez, Eraso eta Pim Pam Pumekin kontzertua. Abenduaren 16an, Leitza eta Goizuetako Gazte Asanbladen Topaketa eginen dugu hirugarren urtez, baina aurten Leitzan suertatu da.

Urtero errepikatzen dituzuen ekitaldiak ere antolatzen dituzue…
Eguberrietan, Guraso elkartearekin batera Olentzero eta Mari Domingiren etorrera antolatzen dugu eta Urtezahar gauean Txupito festa Gaztetxean. Txinoko festak, feriatan ere fandango txapelketa prestatzen dugu, herriko festetako taberna eta kontzertuak, iñauterietako karroza lehiaketa, mendi martxak…

Gaztetxe eta udalen arteko harremanak normalean ez dira onak izaten, baina zuek ez duzue kejarik…
Alde horretatik, pribilejiatuak garela esan dezakegu: guri udalak lokala uzten digu eta gero dena autogestioaren bidez eramaten dugu, tabernan ateratzen dugun gure diruarekin…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun