Sakoneko aldaketak izanen dira pinu-loteen subastetan

Esteban AROTZENA 2006ko azaroaren 23a

Udal aurrekontuko zatirik gizenena mendiko diru sarrerena izaten da. TTIPI TTAPA

«Enkante batuak» eginen dira urtean bitan beste hainbat herritako loteekin batera

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren proposamena Udalak ahobatez onartzeak aldaketa haundiak emanen dizkio orain arte indarrean egon den pinu-loteen enkante sistemari.

Hau idazterakoan oraindik zehaztu gabe zeuden eguna eta lekua, baina mendizainak emandako informazioaren arabera, Altsasun eta urriko lehenengo astean eginen da modalitate berri honetako lehenbiziko subasta.

Goizuetaz gain, bertan izanen dira Nafarroako mendialdeko beste herri asko. Egur loteen enkantea ahozkoa izanen da. Iaz saldu beharrekoak izan arren, oraindik Udalaren eskuetan dauden ondorengo bost lote hauek eramanen ditu gure herriak Altsasura: Aritziarra, 3.465 m3 pinu insignis eta 162.885 euroko hasierako prezioa; Tantailepo, 3.617 m3 insignis eta 168.000 euro; Deskarga, 2084 m3 insignis, alertze eta izei gorri, 83.000 euroko prezioan; Burugorri-1, 3.080 m3 insignis, 102.000 euroan baloratua; Burugorri-2, 1.461 m3 insignis, 33.700 euroan; eta azkenik, Gaztainenea, 1.680 m3 insignis, 47.343 euroko prezioan.

Azken urte hauetan zutik dagoen egurrak jasandako prezio jautsiera haundiak eraman omen du Udala Iruñetik etorritako proposamena onartzera. Kanpoko konpetentziaz gain, herri bakoitzak bere aldetik antolatzen dituen lote txikien subastak ez omen zaizkie gehiegi interesatzen kontratistei, eta sistema berriarekin egoerari buelta ematea espero da. Gai honek Goizuetarentzat beste herrientzat baino garrantzi haundiagoa du, udalaren aurrekontuen zatirik gizenena mendiko diru sarrerena izaten baita. Hasieran esan bezala, urtean bi enkante antolatuko dira eta urrian eginen denaren hurrengoa, martxoan izanen da.

Dirulaguntza Iruñetik

Gai honekin lotura estua du hurrengo aipamenak ere, 21.232 euroko dirulaguntza etorri baita Herriko Etxera Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusitik «herri lurren defentsan» egindako gastuen truke. Udalak 27.000 euro gastatu zituen orain subentzionatuak izan diren proiektuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun