«Ez dut uste kartzelan pasatako epea denbora galdua izan denik»

Utzitako argazkiak 2006ko azaroaren 23a

Utzitako argazkiak

Presoaldi prebentiboan bi urte igaro ondoren, pasa den asteazkenean aske utzi zuten Igor Astibia leitzarra

Igor Astibia bi urte egon da presoaldi prebentiboan, «epaiketa egin arte fiskalaren ustez alde egiteko arriskua dagoelako». Egoera horretan kartzelan jarraituko zuela espero zuten denek, eta azkenean epaiketa egin baino lehen libre utzi zuten joan den asteazkenean. Gaur ongietorria eginen diote. Elkarrizketak egitea ez duela gustuko azaldu digu, baina barruan jarraitzen duen jendearen egoera salatzeko egiten duela.

Baldintzapean askatu ondoren, zein da zure egoera ?

Epaiketaren zain nago. Atxiloketa prebentibo delakoetan 2003-2005 artean 6 edo 7 operazio egin zituzten. Orain lehenengo bi operazioetako jendeari epaiketa egin diote eta 18 tik 15 libre utzi dituzte. Gu bosgarrenak gara.

Ongietorria nola bizitu zenuen?

Oso urduri, hankak dar-dar nituen. Aspaldi ikusi ez duzun jendea ikustea oso hunkigarria da. Gainera hainbeste jende egoterik ez nuen espero.

Eta gaurko omenaldira begira nola zaude?

Alde batetik nire izaera dela-eta beti izan naiz nahiko lotsatia, eta bestalde bi urte espetxean igaro ondoren ez zaude espazio irekietara ohituta, ez eta jendeak zuri begiratzera ere.

Zuk imajinatzen zenuena baino hobea ala okerragoa da kartzela?

Gogorra da zure ingurutik atera zaituztelako, bortizki eta gauez. Kartzelan mito asko daude, beldurrarekin zoaz, labankadak, hiesa... beti entzun dituzu. Hala ere hau nire esperientzia izandu da, ni bi lekutan izandu naiz, Soto del Realen eta Navalcarneron. Badaude Frantziatik eta Espainiatik bueltaka urte asko daramatzaten presoak. Nik bi urte eman ditut.

Eta luzeak egin zaizkizu?
Ez. Nik uste ere alabarengatik izandu dela. Hurrengo bisean alaba ekarriko zidatela jakiteak indarra ematen zidan, eta bisetik bisera, motza egiten zitzaidan.

Nola antolatu zenuen kartzelan emandako denbora?
Han dagoen jendeak asko laguntzen zaitu. Komisaldegitik heldu zara, han egurtu egin zaituzte, ni hiru egunez, eta lur jota iristen zara. Euskal jendeak hartu eta han gauzek nola funtzionatzen duten azaltzen dizute. Gero gomendio pertsonalak ere ematen dizkizute, eta eguna okupatua pasatzeko esan. Horregatik ona da ahal den aktibitate gehienetan izena ematea. Nik ikasteko, kirola egiteko eta irakurtzeko aprobetxatu dut.

Ze puntutaraino izan zen garrantzitsua euskal preso politikoen laguntza?
Hori oinarrizkoa da. Polizien eskuetatik heldu zara eta kristoren laguntza da. Zu aurreiritzi batekin sartzen zara eta gero bertako errealitatea ez da horrela. Kartzelako gatazka handienak drogarengatik eta honekin lotutako zorrengatik datoz. Nahi adina droga dago barruan, batez ere heroina. Presoak erdi lo izatea komeni zaiela uste dut, ez protestatzeko.

Nolakoa da egun normal bat Navalcarneron?
Goizeko zortzietan kontaketa egiten dute: atea irikitzen dizute, eta besoa altxatu beharra daukazu bizirik zaudela adierazteko. Gosaldu eta patioan ematen duzu goiza. Gero bazkaldu (lehenago kontaketa egiten dute berriro), ziegara joan eta funtzionarioek ateak ixten dizkizute. Arratsaldean, berriz patiora joaten zara. Hori bai, eskolara ere joan zaitezke, goizez, hutsik egonez gero, eta guk gure moduloan, hutsa zegoenez, erabiltzeko aukera izan genuen. Horren pareko bizi baldintzarik han ez dut topatu. Afaldu ondoren beti euskaldunak azkenak gelditzen ginen, kontu-kontari gelditzen ginen.

Jendearen bisitak bizipoza emanen zizuten, ez?
Bai, baina aldi berean gogorra da. Bidaiarena, hori da niretzako kartzeleko gauzik gogorrena. Jendeak istripurik izanen duen beldur zara. Egoera hau, nire ustez, preso politiko guztiekin extrapola daiteke. Konbentzituta nago jendeak oso gaizki pasatzen duela.

Bisitan joaten zen jendea nola antolatzen zen?
Normalean jendeak egun berean egiten zuen joan-etorria. Adibidez nire neskalaguna eta alaba askotan bezperatik joaten ziren; trenean ere asko ibili dira, garestiago izan arren, baina kotxean ibiltzea baino seguruagoa da. Nik bueltan etorri eta maite ditudan pertsonak hor egotea nahi nuen, eta azken finean, kartzelan egotea denbora kontua zen. Horrela planteatu nuen eta asmatu dudala uste dut.

Atxiloketa nola gogoratzen duzu?
Kartzela gogorra da, baina kartzelan bizi daiteke, eta lagunak dituzu ondoan... baina atxiloketan ez. Goizeko 01:30ak aldera lo ginela, Saioa, neskalaguna, haurdun zegoen eta tinbre joka hasi ziren. Enkaputxatuta zeuden, eta nahiko lasaia izan zen, goizeko ordu horietan polizia enkaputxatua zure etxera sartzea lasaia izan badaiteke. Atxilotzera heldu zirela esan zidaten eta etxea miatzeko baimena zutela. Konfunditu egin zirela pentsatu nuen, baina nire bila heldu omen ziren. Ondorengoa izandu zen gogorrena, Madrileko komisaldegian.

Zer leporatu zizuten?
Kolaborazioa. Gu zerrenda batean agertzen ginela esaten zuten eta ETAn sartzekotan ginela, eta «sartu baino lehen, ba preso hartzen ditugu». Hori da beraien teoria. Horregatik Askatasunak atxiloketa prebentibo bezala deitzen ditu.

Inkomunikazioa nola bizitu zenuen?
Inkomunikazioa lege antiterroristapean daukaten neurri erabat antidemokratikoa da, tortura ahalbidetzen duen neurri bat. Ezin duzu ez abokatuarekin, ez eta familiarekin komunikatu. Hiru egun iraun ditzake gutxienez eta epaileak nahi izanez gero 5 egun arte luza daiteke. Pelikuletan bezalakoa da. Polizia onak daude, eta polizia txarrak. Hauek jo egiten zaituzte, oihukatu, presionatu... eromena da, eta gero onek sinarazteko txantajea egiten dizute. Nik ez nuen ezer sinatu. Oso argi daukate bakoitzaren papera, zeinek ikaratu behar ninduen, zeinek jo, zeinek oihukatu...

Espetxe politika ze egoeratan dago?
PSOE gobernuan dagoenetik okerrera egin du, legez kalean egon behar luketen presoak oraindik espetxean daude, eta sakabanaketa politikak bere horretan jarraitzen du.

Kartzela eredu bezala zer iruditzen zaizu?
Kartzelak ez du deus soluzionatzen. Ez du ezertarako balio. Pobreak zigortzeko tresna bat da, han aberatsik ez dago, eta drogatzen den jendeari mediku bitartez ez diote laguntzen. Birgizarteratzea ez da existitzen, gezur handi bat da.

Preso normalekin ere harremanak egin dituzu?
Bai, lagun oso onak egin ditut eta ez ditut ahaztuko.

Kartzelan irakurri egin duzula esan duzu. Gogoan duzun libururen bat?
Ziegan hain leku gutxi daukazu, askotan ezin dituzula nahi dituzun liburu guztiak eduki, eta orduan liburuak atera egin behar izaten dituzu. Baina bi urte hauetan nire ziegan liburu bat egondu da: Joseba Sarrionandiaren Hitzen ondoeza. Niretzat euskal idazlerik hoberena da eta asko maite dut.

Bi urte espetxean egoteak zer kendu dizu?
Urte t'erdian nire alaba nola hazi den ikustea eta familiarekin, lagunekin... egotea.

Etorkizunean nola gogoratuko duzula uste duzu kartzelan emandako denbora?
Ez da denbora galdua, ez dut pentsatzen bi urte galdu ditudanik. Kartzela zer den ezagutu dut, eta kontzientzia gehiago izatea eragin dit, bai euskal preso politikoen arloan, bai eta arlo sozialean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun