11-0 irabazi ondoren Aurrerak bere marka hautsi du Arkixkilen

ttipi-ttapa 2006ko aza. 23a, 11:49

Utzitako argazkiak

Lehenengo zatian 8 gol sartu zizkioten Lezkairu-Rematxari, eta bigarrengoan, 3

Herenegun etxean jokatutako partidan errekorra gainditu zuten berriro leitzarrek. Duela gutxi errekorra 7-1en jarri bazuten, zenbaki horrek igandeko partida eta gero dezente gora egin du, 11-0 irabazi baitzuen Aurrerak azkena doan C.D. Lezkairu-Rematxaren aurka.

Hau kontutan hartuta, igandean jokatu zuten partidara begira denboraldi honetan hainbeste minutu jokatu ez zituzten jokalariak sartzeko aprobetxatu zuen Aurrerak, eta emaitza ezin hobea izandu da.

Partida hasi eta lehenengo minutuko gola ez zen kasualitatea izan, lehenengo zatian soilik 8 sartu baitzituzten. Zelaiaren egoera kaxkarra ez zen arazo bat izandu leitzarrentzat, eta lokatza egon arren, ederki asmatu zuten. Aukera asko sortu zituzten eta Aurrerako arduradunen ustez, «gozatzeko moduko partida izan zen».

Partida aurrera joan ahala, aurkarien desmoralizazioa begi bistakoa izandu zen, izan ere, denboraldi honetan jokatutako partida guztietatik ez dute bat bera ere irabazi. Hala ere, haien jarrera «erabat zintzoa» izandu zen.

Herenegun Arkiskilen jokatutako partidarekin leitzarrek beste hiru puntu bereganatu zituzten, eta dagoeneko 30 puntu dituzte. Berriozarko San Cristobal taldeak lehenengo jarraitzen du 31 punturekin, eta heldu den asteburuan talde honen aurka ariko dira, hain zuzen ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, «horrelako talde baten aurkako partida batetarako entrenatzen ari garenean, zerbait ezberdina heldu dela nabari da, eta jendea gogo gehiagorekin etortzen da». Zein egunetan jokatuko den oraindik zehaztu gabe dago, baina duen garrantzia argi utzi dute antolatzaileek. Berriozarko taldeari irabaziz gero, Aurrera sailkapenean lehenengo jarriko litzateke, eta aurrera begira ere, aukera gehiago izango lituzke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun