Titin mendean hartuta, finala pauso batera

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 23a

Utzitako argazkiak

Abel Barriolak Olaizola II.aren aurka irabazi beharko du datorren asteburuan

Lan bikaina eginez irabazi zion Abel Barriola leitzarrak, herenegun, Titin III.ari Logroñoko (Espainia) Adarraga pilotalekuan jokatutako norgehiagokan (16-22). Gisa honetara Martinez de Irujok bere lekua ziurtatu du finalean. Barriolak, aldiz, finalerako bigarren txartela datorren asteburuan jokatuko du, Olaizola II.aren aurka.

Hasiera gogorra izan zen Leitzakoarentzat, neurria hartzea kostatu baitzitzaion. Bien bitartean, Titinek airez min handia egin zion 5-3koarekin aurretik jarri zelarik markagailuan. 8-5ekoa kontra zuenean, ordea, buelta eman zion eta sakea bereganatu ahala agintzen hasi zen. Sakez bi tanto jarraian egin ostean, partidak beste ibilbide bat hartu zuen eta 12-18ko markagailua izatera pasa zen eta hortik aurrera erraza izan zen garaipena leitzarrarentzat. Titin azken ahalegin egiteko prestatu bazen ere, sakean gabezia handia izan zuen errioxarrak. Tantoa amaitzeko gaitasuna erakutsi zuen Barriolak eta zeregin handirik ez zuen izan Titinek.

Egindako lanarekin «gustura» azaldu zen neurketaren amaieran. «Titinen aurka jokatzea oso zaila da eta horregatik oso pozik nago». Datorren asteburuan Olaizolaren aurka izango duen lehiaren gainean ere jardun zuen pilotariak. «Horixe bai izango dela benetako finalerdia». Eta halaxe izango da, izan ere irabazleak finala jokatuko du eta galtzen duena, aldiz, etxera joango da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun