Atzo egunak argitu zuenerako ordu batzuk zeramatzan urak errotondaren ondoan gainezka eginez. Goizeko 03:00ak aldera hasi ziren lanean suhiltzaileak, alkatea, Udaleko langileak... Patxi Saenzek, herriko alkateak, azaldu digun bezala «goizeko 3:00etan jada Nafarroako Aurrezki Kutxako garajea urez beteta zegoen». Goizean zehar ingurua urez betetzen joan zen, baita zenbait bajera ere, ezbeharrak eragin baitzituen.«Hasieran ez genuen pentsatzen hainbesterainokoa zenik. Nahiko goiz ikusi genuen ura nondik ateratzen zen, baina ireki eta ireki eta gehiago betetzen zen». Arratsaldean beste makinari bati deitu eta 15:00ak aldera topatu zuten arazoaren gakoa. Gasolindegi zaharra bota zenean egindako obrak zerikusirik izan dezaketela aipatu du alkateak. «Baliteke gasolinera bota zenean losa bat haustea, eta honen ondorioz, ura geratzea».
Errotondako zirkulazioa ere aldatu behar izan zuten, zulo handi xamarra egin zutenez errepidearen zati bat itxi behar izan baitzuten. 15:00etarako egoera kontrolpean zuten arren, erredakzioa itxi zenean oraindik lanean ziharduten egoera ahal bezain laister berera itzularazteko.