Euskararen Egunean, jende ugari

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 23a

Utzitako argazkiak

Eguraldiak lagundu ez arren, antolatzaileak «oso pozik» gelditu dira

Jende ugari bildu zen igandean Areson ospatutako Euskararen Egunean eta antolatzaileak «oso pozik» gelditu dira jendearen parte-hartzearekin. «Eguraldiak ez zigun lagundu, baina oso polita izandu zen», esan digu Joxepi Marzolek, antolatzaileetako batek

Eguraldi txarra egin arren, aurreikusitako ekitaldi guztiak egin zituzten. Gurasoak 10:30ean bildu ziren gauzak prestatzeko, 11:30ean taloak baitzeuden plazan, haiek egindakoak. Sabela bete ondoren kalejiraren txanda zen, trikitilariak eta txistularia herriko kaleetan zehar ibili ziren bazterrak alaitzen. Txistularia Berastegitik ekarri zuten arren, trikitilariak denak herrikoak ziren.

Bazkalaurrean binakako pilota partida jokatu zuten herriko lau gaztetxoek eta irabazleak Anartz Solano eta Mikel Onsalo izan ziren. Kirol pixka bat egin eta gero, musikaren txanda izan zen berriro, eta gorputza astindu ondoren Pake-Toki elkartean herri bazkaria egin zuten. 80 pertsona inguru bildu ziren bertan, eta egun honetako lemarekin jarraituz, denen artean egin zuten bazkaria. Hori bai, gisadu txapelketan 5 pertsonek eman zuten izena, eta azkenean Ioseba Rezola suertatu zen irabazle. Epaimahaiari dagokionez, gurasoek bi lagun aukeratzen dituzte eta hauek erabakitzen dute irabazlea zein den. Horretarako, prestatutako jakiaren zaporeaz gain, aurkezpena ere garrantzitsua dela esan digu Joxepi Marzolek.

Kafea hartzen ari zirela Jaione Olazabal eta Jon musika jotzen hasi ziren. «Oso polita izan zen, hunkigarria. Euskadiko kantu txapelketan kantatutako abestia hunkigarria izan zen».

16:30ean umeentzat antolatutako Kixka antzerkiak ere txikitxoen artean harrera oso ona izan zuen, eta egunari amaiera emateko txokolatea bizkotxoarekin hartu zuten.

«Denon artean festa polit bat egitea eta euskara bultzatzea» helburu duen egun hau Gurasoen elkarteak, Udalak eta Larrea eta Pake-toki elkarteek antolatu zuten, eta beste helburu bat ere bazuen: «gauzak aurrera eramaten saiatu behar gara, atzetik heldu direnek herri txikietan ere gauzak egin daitezkeela ikus dezaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun