Pilipenborda, Iruñegi eta Belaku baserrietara doazen pistak asfaltatuko dituzte

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 23a

Zenbait urteren ondoren, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du Aresoko Udalak, eta asfaltatze-obrak urtea amaitu baino lehen hasiko dituzte

Areson badira sakabanatuago dauden zenbait baserri, oraindik behar bezalako pistarik ez dutenak, eta arrazoi honengatik, baserri hauen pistak asfaltatzeko proiektua aprobatu du Aresoko Udalak.

Belaku, Iruñegi eta Pilipebordako bizilagunak pozik daude, hainbeste urteren ondoren haien etxeetako pistak asfaltatu behar dituztelako. Ez da Aresoko Udalak proiektu hau aurkezten duen lehenengo aldia, baina orain arte ez dute Nafarroako Gobernutik diru-laguntzarik jaso. Aurten, berriz, diru-laguntza hau jaso ahal izateko proiektua beste era batetara aurkeztu du, eta hau nahikoa izan da obraren zati bat Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bitartez ordaintzeko. Lanak 118.000 eurotako aurrekontua izanen du eta kopuru honetatik, 70.000 euro Nafarroako Gobernuak jarriko ditu.

Pilipeborda, Iruñegi eta Belakura doazenak asfaltatzeaz gain, Martinenea, Mañenea, Ahuntzenea eta Eguarrea izeneko bordetara ere pistak irekiko dituzte, bertara traktoreak sar daitezen, baina asfaltatu gabe.

Baserrietakoak «pozik»

Belaku baserrian Frantzisko Javier Rezola eta bere iloba Esteban Garmendia bizi dira. «Garai batean 9 senide eta gurasoak bizi ginen hemen. Anaietan gazteena ni nintzenez, ni gelditu nintzen etxean». Rezolak baserritik ateratzen du bizimodua. «Behiak ditut, esneetarako, txekorrak ere saltzen ditut, oiloak ere baditut eta gero baratza lantzen dut». Egunero 05:30ean jeikitzen da behiak jeiztera eta astean bitan herrira jeisten da esnea eramatera. Herrira maiz jeisten delako proiektuarekin «pozik» dago, «guretzat erosoagoa izanen da», azaldu digu baserritarrak. Egun Olatxeta eta Garaikoetxea baserrietaraino iristen den pista, beraz, Belakuraino luzatuko dute proiektuaren ondorioz.

Iruñegi baserrian bizi den Fermin Gomez ere «pozik» ageri da berriarekin. Bere emaztea Joxepa Onsalo egunero jeisten da herrira emakume bat zaintzera, eta asfaltatu ondoren herrira jeisten ibiltzea erosoagoa izanen da. «Asfaltatu eta gero ez dut zuloak konpontzen ibili beharrik izango», esan digu Gomezek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun