Dagoeneko hasi dira Zaharren Egoitzako obrak

Esteban AROTZENA 2006ko aza. 21a, 13:30

TTIPI TTAPA

Zabala eta Goikoetxea herriko eraikuntza enpresak eginen ditu 60.784 eurotan

Zabala eta Goikoetxea herriko eraikuntza enpresak hartu ditu bere gain Zaharren Egoitza berriaren lanak. Bi aurrekontu aurkeztu ziren Herriko Etxetik bere garaian luzatutako deialdiari erantzunez, bat aipatutakoena, 60.784 eurokoa, eta bestea, Hernaniko Jose Zerainena, hau 62.860 eurokoa. Lana bukatzeko ematen zen hilabete terdiko epearen barrenean biak sartzen zirenez, udalbatzak lehenengoari eman zion dagoeneko hasia den obra hau.

Lehen ere orri hauetan esan izan dugun bezala, Juanmartinzenea etxean babes ofizialeko etxebizitzak egin zirenean udalak berak gelditu zuen beheko solairuaren puska eder bat. Baita azkeneko urte hauetan gogor saiatu ere Iruñean zaharrek hainbeste estimatuko duten egoitza egin ahal izateko dirulaguntzaren bila. Azkenean etsituta edo, obrari ekitea erabaki zen Herriko Etxean, baita berehala Nafarroako Gobernuko Gizarte eta Ongizate departamenduak aurrekontuaren %40aren dirulaguntza eman ere, 25.144 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun